euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunen hizkuntza omenaldi guztien protagonista Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunetan

2013/12/10

Patagonia argentinarrean, Andes mendikateko El Hoyo herrixkako euskera ikasleek  ere ospatu zuten (argazkia El Hoyoko ikasleak)
Patagonia argentinarrean, Andes mendikateko El Hoyo herrixkako euskera ikasleek ere ospatu zuten (argazkia El Hoyoko ikasleak)

PUBLIZITATEA

Urtero bezala, Hego Amerikako euskal komunitateek gogo biziz ospatu dute 2013 honetan ere Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskal erakundeek antolatutako festetan ez da ezer faltatu: euskarari buruzko hitzaldiak, bideoak, jolasak eta kantak, eta poteoa eta pintxoak ere izan dira. Montevideotik Andesetako El Hoyora euskaldunek ikurrinaren koloreak eta euskararen soinuak zabaldu dituzte Euskal Herriko kultura eta hizkuntzarekiko engaiamenduaren erakusgarri. Jarraian La Platan, El Hoyon (Chubut probintzian), Montevideon, Rio Cuarton, Saladillon eta San Nicolasen burututako jaien laburpena.

La Plata, Argentina. Gero eta gehiago dira mundu osoko euskal etxeetara euskara ikastera hurbiltzen diren lagunak. Badirudi, beraz, hurrengo erronka euskara euskal etxeetatik ateratzea izan daitekeela, bertara ez mugatzea alegia. Eta langintza horretan ere badabiltza Hego Amerikako euskal erakundeak. Izan ere euskal etxeetan eskaintzen diren euskara eta euskal kulturari buruzko klaseez gain, unibertsitate batzuetan ere ematen dira eskolak, irakurletzen baitan. Hori da, beste batzuen artean, La Platako Unibertsitate Nazionalaren kasua. EuskalKultura.com-en artikulu honetan, joan den asteko Euskararen Eguneko beste zenbait ospakizun, La Platako irakurletzakoa barne.

Euskararen Eguna Euskaro eean Irakurletza 2013 00

[La Platako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzak abenduaren 3an bertan ospatu zuen ENE. Bi hitzaldi gauzatu ziren Zientzia Ekonomiko Fakultateko Graduondo Ikasgelan: “Euskara La Platako Unibertsitatean", Cesar Arrondo hizlari, eta "Euskararen biziraupena", Idurre Lekuonaren eskutik. Ondoren taldearen argazkia eta brindisa egin zen (argazkia Irakurletza)]

Euskararen Eguna La Platako eean 2013 02

[La Platan bertan, hiriko Euzko Etxea-ko euskara taldeek ere ospatu zuten Euskararen Eguna eta eurek hasitako tradizioari jarraituz ‘mateada’ (mate hartze) batekin egin zuten. Ekintzak oihartzun handia izan zuen eta hiriko Hoy egunkari digitalean horri buruzko artikulu bat atera da. Artikulua hemen, 10. orrialdean (argazkia Irakurletza)]

Euskararen Eguna El Hoyon 2013 00

[Logoa eta guzti daukate Patagoniako El Hoyo herriko euskara ikasleek. Eta ez da gutxirako. Izan ere, urtean zehar mantendu izan da taldea, eguraldia gorabehera, eta bi ikaslek 40 bat kilometro (bider bi) egin behar izan arren eskoletan parte hartzeko. Hala ere, taldea sendo dago eta Euskararen Egunean, erreki bat partekatu zuten mendian. Datorren urteari begira, jarraitzeko eta lagun berriak erakartzeko helburua du taldeak. Nuria Vilalta iraskaslearen esanetan, “Lehengo hilabete hauetako euskara eta euskal kulturari buruzko klaseek oihartzun handia izan dute eskualdean eta antza, nahiko jende dago interesatua, beraz El Bolsonera mugitzea pentsatzen gaude ahalik eta jende gehiagoren artean gure kultura eta hizkuntz maitatua zabaldu ahal izateko” (argazkia EE)]

null

[Montevideoko euskal etxeek ere egin zuten bat Euskararen Nazioarteko Egunarekin eta mota askotako ekintzak burutu zituzten. Euskaro Euskal Etxeak, adibidez, abenduaren 1ean ospatu zituen Euskararen Eguneko eta San Frantzisko Xabierren omenezko jaia. Alaitasun giroan eta lagun artean, Baldomero Ansoren akordeoiak kantarazi eta dantzarazi zuen publikoa. Abestien artean, etxeko lehendakari Lucia Goñik urtean zehar jasotako laguntza eskertu zuen eta Juan Pedro Arin-ek Euskara Eguna zer den azaldu, eta poema bat irakurri zuen (argazkia EE)]

Euskararen Eguna Euskal Erria eean 2013 04

[Uruguaiko hiriburuko beste euskal etxeetako bat Euskal Erria da. Bertan ere bildu ziren euskara ikasle eta irakasleak euren eguna ospatzeko. Pintxo potearen baitan, ‘Hitzak’ eta ‘Familien karta-jokoa’ izeneko jolasak egin eta Euskararen Egunaren esanahia azaldu zuten antolatzaileek. Datorren urteari begira, ikasle berriak erakartzeko HABEko orrixka batzuk ere banatu ziren bertaratutakoen artean (argazkia EE)]

Euskararen Eguna Rio Cuarton 2013 05

[Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxean hilero gauzatzen dira ‘tabernak’. Baina abendukoa berezia da, Euskararen Eguneko Taberna baita. Abenduaren 7an izandako topaketan, pintxo ederrez eta txalapartaren musikaz gozatu ahal izan ziren gonbidatuak. Elkarretaratze berean diplomak eskuratu zitzaizkien erakundearen sortzaileei (argazkia EE)]

Euskararen Eguna Saladilloko eean 2013 06

[Saladilloko Itxaropen Euskal Etxearen Euskararen Eguneko eta urte amaierako jaia ere klasikoak bilakatu dira bat. Afarian, gainera, zozketa egiten da euskal etxeak urtero salgai jartzen dituen laguntza bonoenean. Aurtengo sariduna –eta Euskal Herrira joateko aukera izango duena- Adriana Trellini izan da, 175. zenbakiarekin. Bigarrena (4000 pesokoa) eta hirugarrena (2000 pesokoa), berriz, Barbara Ugartemendia eta Susana Labere-rentzat izan dira, hurrenez hurren. Topa egiteko momentuan, urteko balantzeari buruz hitz egin zuen Nora Idoeta euskal etxeko lehendakariak. Idoetaren esanetan, oso urte emankorra izan da hau euskal etxearentzat; izan ere ekintza ugari burutu dituzte, tartean Mus Txapelketa Nazionala. Gogora dezagun, gainera, azaroaren 19an Sara Pagolaren bisita jaso zutela Saladilloko lagunek. Hirian egindako bisitan, Cicare lantegian ere izan zen Euskadiko mandataria (argazkia EE)]

 Euskararen Eguna San Nicolaseko eean 2013 07

['Euskara Mundua' programaren 2013-2016 epeko lehenengo barnetegia antolatu zutenek ere ospatu zuten Euskararen Eguna. San Nicolaseko Euskal Etxeak abenduaren 7an egin zuen bere jaia, abesbatzako kideak, euskara ikasle eta irakasleak, sukaldariak eta oro har euskal etxeko lagunak bilduz. Gaueko ekintza nagusia, euskara taldeek egindako bideoaren proiekzioaren izan zen. Ikusi bideoa hemen (argazkia EE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia