euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunen eta islandiarren arteko harremanak jendaurretuko dituzte Ondarearen Europako Jardunaldiek

2016/09/20

2016ko Ondarearen Europako Jardunaldiak urrian zehar garatuko dira Bizkaian eta atzo aurkeztu ziren Bermeon
2016ko Ondarearen Europako Jardunaldiak urrian zehar garatuko dira Bizkaian eta atzo aurkeztu ziren Bermeon

PUBLIZITATEA

Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu duen egitarauak mota askotako 300 bat ekitaldi baitaratzen ditu kultur ondarea zabaltzeko helburuz, urri osoan zehar garatzekoak. Tartean dira bisita gidatuak, hitzaldiak, erakusketak, ofizio erakustaldiak, azokak, gastronomia, zinema emanaldiak, antzezpen historikoak, musika, dantza, kirola, jardunali zientifiko eta mintegiak.Islandiari dagokionez, euskal arrantzale eta balezaleen presentzia islandiarrari buruzko datu ezezagunak jendaurretuko dira.

Bermeo, Bizkaia. "Etxetik kanpo: migrazioak eta kultur ondarea" lelopean, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatuak atzo aurkeztu zuen Bermeoko Arrantzaleen Museoan Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 16. edizioa. Europako programazio orokorraren barruan, Bizkaiko erakundeen arteko lankidetza-eredu horrek Europako Kontseiluaren interesa piztu du, eta informazioa eskatu dio Foru Aldundiari, programak behar bezalako presentzia izan dezan Kontseiluaren web plataforman.

Euskaldunak eta islandiarrak

Programazio horrek Bermeoko Arrantzaleen Museoak "Euskaldunak Islandian: baleen eta bakailaoaren arrantza" izenburupean egingi duen erakusketa prestatu du urrirako., Xabier Armendariz arduradun. Bertan, euskal arrantzaleek Ipar Itsasoko lurretan bizi izandako esperientzia batzuk erakutsiko dituzte.  Islandiako herritarrekin izan zuten harremana, bereziki XVII eta XVIII. mendeetan zehar, merkataritzaren ikuspegitik zein giza ikuspegitik. Bat egiteak eta desadostasunak, batzuetan odoltsuak -1615ean gertatutako sarraskia, esaterako- konpartitutako historia baten adibideak dira. Harreman horien inguruko memoria eta kultur nortasuna gaur arte mantendu dira bizirik, hain muturrekoak diren hizkuntzaren edo islandiarren janzkera tradizionalean, besteak beste.

Euskadi-Islandia Elkarteko Magnus Rafnsson-ek hitzaldi bat emango du XVII. mendean euskaldunen eta Islandiako ipar-mendebaldeko Strandasyslako biztanleek izan zituzten hartu-emanen inguruan. Hitzaldiaren izenburuak adierazten duenez, "Euskaldunak eta islandiarrak: lerro artean irakurtzen", hitzaldiak zerbait argitu nahi du bertakoen eta bisitarien artean izandako merkataritzako harremanen inguruan eta bihotzaren zerikusia duten beste gai batzuen inguruan, eta bitxikeria batzuk ekarriko ditu Islandiako iparraldeko muturrean bakarturik bizi zen komunitate bateko emakume gazteen eta uda batean itsasoz iritsitako 85 gizonen arteko harremanaz edo hondoratze baten ondoren bertako abeletxeetan zelan hartu zituzten hondoratutako txalupako 60 marinelak.

Bestetik, Euskaltzaindiak "Euskararen aztarnak Islandian" hitzaldia eskainiko du Ondareari buruzko Europako Jardunaldien aurtengo edizioaren barruan. Gidor Bilbao izango da hizlaria eta XVII eta XVIII. mendeetan harremanetan ari ziren bi komunitateen artean garatu zen eta bertakoen eta bisitarien arteko komunikazio-bide bilakatu zen hizkuntza erraztu batez, euskara-islandiera pidgina delakoaz, hitz egingo du. Hizkuntza horrek 745 hitz dauzka, eta euskara, islandiera, frantsesa eta ingeleseko 745 hitz gordetzen ditu. Hitzaldian pidgin hizkuntzaz idatzitako testuak aztertuko dira eta euskal osagaiak beste hizkuntza batzuetatik eratorritako hitzetatik bereizten ahaleginduko da hizlaria.

Hitzaldiez gain bisitak ere egingo dira Jardunaldietan. Besteak beste, Kontsulatu Britainiarrarekin lankidetzan Jardunaldietan herri mailan "ingelesen hilerria" izenarekin ezagutzen dena lehenengoz bisitatzeko aukera edukiko dugu, koroa britaniarraren jabetzakoa den eta Loiu udalerrian kokatuta dagoen 10.000 m2-ko barrendegia. Hilerria 1926. urtean eratu zen beharrizan bati erantzuteko (katolikoak ez ziren pertsona ingelesak eta beste nazionalitate batzuetakoak ehorztea); gaur egungoa XVII. mendean  Bilboko "ingelesen zelaian", itsasadarraren ondoan,  jarri zuten kanposantuaren jaraunslea da, azken mendeetan Britainia Handiaren eta Bizkaiaren arteko erlazio sakonen lekukoa izan zena.

300 jarduera inguru

Europako Kontseiluaren ekimenez sortutako ekitaldiarekin bat eginez, Foru Aldundiak 16 urte daramatza programa hori koordinatzen. Aurtengo hamaseigarren edizioan, 63 udalek, 17 elkarte eta erakunde ofizialek, 17 museok eta 50 kultur elkarte inguruk hartu dute parte. Guztien artean, 300 jarduera inguru jasotzen dituen programa bat diseinatu eta prestatu dute: bisita gidatuak, hitzaldiak, erakusketak, lanbide-erakustaldiak, azokak, gastronomia, zine-proiekzioak, berregite historikoak, musika, dantza, kirola... diasporaren inguruko edo Historiaurretik gaur arteko migrazio eta biztanle-mugimenduen inguruko zientzia-jardunaldiak eta unibertsitate-mintegiak... Antolatzaileen kopuru zabal eta ezberdinengatik, eta jarduera-programaren kalitate eta aniztasunagatik, jardunaldiak kultur gertaera nagusietako bat bilakatu dira Bizkaiko urteko agendaren barruan.

Berrikuntzen artean, aurten hainbat erakundek hartu dute parte antolakuntzan: Euskal Herriko Unibertsitatea, Unesco Etxea, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Euskadiko Agiritegi Historikoa, Foru Agiritegia, Britainia Handiko Kontsulatua, Bilboko Txinatar Institutua.  Beste erakunde batzuek aurrera jarraitzen dute kultura bultzatzeko urteroko konpromisoari eusten, eta aurtengo ediziorako programazio berria eskaini dute: EHAEO, Euskaltzaindia, Derioko Agiritegi Historikoa, Liburutegia, Bizkaiko hainbat museo eta interpretazio-zentro, eta hainbat eta hainbat udal eta udal zentro.

Ondarea ulertzeko era berria

Ondarea ulertzeko era berri baten isla da kultur ondarearen zabalkundean eta honi balioa emateko jardunean diharduten Bizkaiko hainbat elkarte eta taldek aurtengo edizioan jokatuko duten papera. Azken batean, ondarea elkartzeko eta bizikidetzarako osagai legez ulertzeko modu bat da. Horrela, ondarea guztion eremua edo arloa da, eta fokua pertsonengan jartzen da.

Esandako horren adibide legez, auzo-elkarte batzuek (Uribarri, Otxarkoaga, Errekalde...) profesionalen elkarte batzuek (Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkartea), kultur elkarte batzuek (Aunia, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea, Egizu...) antolatu dituzten jarduerak aipatu behar dira. Horiek guztiak dira hiritarrek kontserbatu nahi duten gertuko ondare horrekiko inplikazioaren erakusle, ondare hori hiritar horien nortasunaren, egunetik egunerakoaren eta egunero paisaiaren osagaia delako. Gainera, eta aurtengorako hautatutako gaiaren haritik, migratzaile-kolektibo batzuen partaidetza bilduko da jardunaldietara: Bizkaiko industriaren boomaren garaian etorritako pertsonen kolektiboak (herrialde edo erregioetako etxeak), eta oraintsuago munduko beste hainbat tokitatik iritsi diren edo iristen ari diren pertsonen kolektiboak (Munduko Hiritarrak, errusiar lipovenoak, Mexiko Lindo, Saharako diaspora...).  Baita ere Bizkaia urrutiko beste kultura batzuei hurbilarazten ahalegintzen diren baina egungo Bizkaian ere oihartzuna duten beste batzuk, Bilboko Txinatar Institutua, Kyotoko Lorategiak.... elkarteek antolatutako programa, esaterako.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia