euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunek eta eskoziarrek batera ospatu zuten Aberri Eguna Inverneseen Nazioren Mundua ekimenaren eskutik

2008/03/26

Autodeterminazioaren aldarria Invernesseraino heldu zen (argazkiak Nazioen Mundua)
Autodeterminazioaren aldarria Invernesseraino heldu zen (argazkiak Nazioen Mundua)

PUBLIZITATEA

Joan den igandean bukatu zen Nazioen Mundua herri ekimenak autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko asmoz Eskoziara antolatutako kultur bira. Eta bukatu ere, era bikainean bukatu zen, euskaldunak eta eskoziarrak batuz Aberri Egunaren ospakizunaren karira dantza, herri kirol eta musika erakustaldiekin. Ekitaldia Inverness hirian, Eskoziako Highlands edo 'Goierrian' egin zuten Beasain, Idiazabal eta Iruñetik heldutako euskaldunek.
Highlands edo Eskoziako 'lur garaietan' egin zen Aberri Egunaren ospakizun jendetsuarekin bukatu zuten Nazioen Mundua taldeko kideek autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko lurralde honetara egindako bost eguneko bidaia. Herri ekimen honetan ideologia eta sentsibilitate politiko desberdinetako ehun bat lagun bildu ziren eta euskal dantzak, herri kirolak, musika eta bertsolari ikuskizuna antolatu zuten Eskozian bizi eta erakusteko.

Igandekoa izan zen bidaiako azken emanaldia eta jende asko bildu zuen Inverness herriko plazan. Hasteko, herriko jendea biltzeko asmoz Invernesseko hainbat lekutan aizkora, trontza, lasto altxatze, dantza, txalaparta eta harri jasotze erakustaldiak egin zituzten. Ondoren taldeko kideak Invernesseko gazteluko muinora igo ziren, gaztelu aurrean autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapena egiteko.

[Goiko irudian Miren Urkiola harrijasotzailearen erakustaldia Invernessen]

Taldeko kideek azaldu dutenez 'Eskozian, estaturik gabeko beste nazio batean, independentzia erreferenduma egitekoak dira 2010ean, Alderdi Nazionalistak gobernura iritsi zenean agindu zuenez. Badirudi, Britania Handiak oro har, eta Ingalaterrak ere bai, onartzen dutela Eskoziak --beste nazio guztiek bezala-- baduela euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Eta horregatik, etorri ginen hona eta horregatik aldarrikatu dugu are ozenago gaur, Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea'.

[Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeek erakustaldi bikaina eskaini zuten eta eskoziar ikusle asko bildu zituzten]

[Erakustaldian lortutako giro ederraren erakusgarri, eskoziar ikusle batzuk euskaldunekin dantzan egitera ateratzera ausartu ziren]

[Iruñeko San Fermin Peñako joaldunak Invernesseko kaleetan zehar

Ikuskizuna Edinburghen

Bezperan, larunbatean, Edinburghen izan ziren Nazioen Mundua taldeko kideak eta beste erakustaldi bat eskaini zuten Meadows parkean. Ikurrinak, harriak, txingak, txalaparta eta musika instrumentuak ikus zitezkeen parkean eta ikuskizun bitxiak ikusleak erakarri zituen. Inguruko euskaldun eta kataluniar batzuk ere bertara bildu ziren. Ikuskizunari hasiera emanez joaldunen hotsak entzun ziren urrutian eta eurek gidatuta dantzari, musikari eta beste taldekideak heldu ziren parkera txalo artean.

[Nazioen Mundua ekimeneko musikariak Meadows parkean egin zen ekitaldian]

Taldeko kideek ekimenaren azalpena eskaini zuten, Eskozia eta Euskal Herria bidaia honetan batu izanaren arrazoia azalduz eta ondoren ikuskizuna hasi zen: txalaparta, Iker Zubeldiaren bertsoak, herri kirolak, Miren Urkiola harrijasotzailearen erakustaldia eta dantzariak, besteak beste.

[Idiazabalgo Herri Kirol taldeak sokatira erakustaldia eman zuen]

Eskoziar parlamentariekin bilera

'Jendea harrituta eta gustura aritu da begira, ikusten zuenarekin gustura, eta asko, harrituta. Bitartean, taldeko beste batzuek Idiazabalgo gazta zatitu eta jende artean banatu dute: kirolak, musika eta dantzak adina gustatu zaie', azaldu dute taldeko kideek euren blogaren bidez. Ekitaldia biribilduz autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena egin zuten, “autodeterminazio eskubidea · self-determination” pankartaren atzean bilduta. Saioari amaiera emanez ikusle eta taldekideak kalejira eta korro erraldoi bat egin zuten, anaiarteko giro ederrean.

Aurreko egunetan Eskoziako parlamentuko Alderdi Unionistako Des McNulty eta SNP Alderdi Nazionalistako Keneth Gibsonekin bildu eta elkarrizketa egiteko astia izan zuten. Bakoitzak Eskoziaren autodeterminazioaren inguruko jarrera azalduz. Elkarrizketak sarean eta Goierri Telebistan izango dira ikusgai.


Lotura interesgarriak

'Nazioen Mundua' bloga
www.eskoizal.wordpress.com

Aberri Eguna Escozian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 19an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia