euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak Uruguaiko ardogintzan, bertako Euskal Etxeen ekarria, asteburu honetan, 2024 Ondarearen Egunean

2024/10/03

Uruguaiko 2024ko Ondarearen Eguna urriaren 5ean eta 6an, bertako ardogintza eta euskaldunen ekarria ere azterturik
Uruguaiko 2024ko Ondarearen Eguna urriaren 5ean eta 6an, bertako ardogintza eta euskaldunen ekarria ere azterturik

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Asteburu honetan, urriaren 5ean eta 6an, Ondare Nazionalaren Eguna ospatuko dute Uruguain, aurten bertako ardogintza ardatz hartuta, industria honi lotutako hainbat gai azterturik, hala nola Hego Amerikako herrialde honetara XVIII. eta XIX. mendeetan iritsitako etorkinen partaidetza. “Ardoa tradizio bezala: Immigrazioa, Lana eta Berrikuntzak” da, izan ere, 2024ko Ondarearen Egunaren izenburua. Euskal etxe batzuk programa bereziak antolatu dituzte, euskal etorkinen eta beren ondorengoek ardogintza uruguaitarrarekiko konexioa nabarmentzearren.

Montevideon, Euskal Erria Euskal Etxeak asteburu osoko egitaraua antolatu du, lehenengo egunean euskaldunen eta euren nortasuna, kultura eta molde orokorrak aurkeztuz bertaratzen direnei, kirola, hitzaldiak eta daskatekak programako parte. Salton, berriz, Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeak urteak daramatza Harriague Upeltegia ikertzen eta berritzen eta Udalak antolatutako programa nagusian partaidetza nabaria izango du.

Euskal Erria Euskal Etxea, Montevideo

Montevideoko Euskal Erria EEaren kasuan, larunbatean zein igandean egingo du bat ospakizunekin, bere egoitzan. Urriaren 5ean, larunbata, 11etatik 19etarako ordutegian,  eta urriaren 6an, igandea, 11etatik 14etara. Urriaren 5ean, bisita gidatuak egin ahal izango da mende batetik gora duen euskal etxea, bereziki Michelena eta Batzorde Aretoetan barrena. Bertan ikusgai jarriko dira euskal genealogia liburuak, eta argazki eta euskal objektu erakusketa bat. Trinketean, kirol erakustaldia egingo da.

Biharamunean, urriaren 6an, ostera, euskal jatorrizko Uruguaiko upeltegiei buruzko hitzaldi bat eskainiko du INAVIko Mauricio Garrone adituak eta Floridako Vinos de la Cruz upeltegiko irudi ezezagunak proiektatuko dira. Pelikulak 16 milimetrokoak dira, 1940ko hamarkadakoak. Ardo eta pintxo dastaketa bat ere egingo da.

Saltoko Euskaldunen Taldea, Salto

Ipar-mendebalderago, bertako programa berezia urriaren 4an hasiko da. 17etan, bisita gidatua Tannat-en ‘sorburua’ den Harriague Upeltegira. Euskal sukaldaritza laginak eta Tannat ardoa eskainiko dizkiete bisitariei. 19:30etan, Alberto Eguiluzen “Saltoko Arkitektura 1860-1930” izenburuko argazki erakusketa irekiko da, Mercado 18 Kultur eta Gastronomia gunean. Erakustaldia asteburu osoan egongo da ikusgai. 

Urriaren 5ean, 11etan, bisita gidatua Harriague Upeltegiko lur azpiko ardandegietan. 13etan, ardoa eta euskal sukaldaritza emaitzen dastaketa. 10:15etan eta 15etan, bi aukera “Entre Viñas y Bodegas” ibilbidea egiteko herriko Kanpo Santuan barrena, bertan baitago Pascal Harriagueren hilobia. Ibilbideak XIX. mendeko ‘ardogintzaren sukarreko’ erreferenteak nahi diru nabarmendu.

'Tannat-en ibilbidea'

15etatik 16:30etara, Bodega Harriague Zirkuitoa egin ahal izango da. Ibilbide turistiko jasangarrietan adituak diren teknikoek lagunduko dituzte bisitariak Saltoko ardogintzaren historia ezagutzeko.18etan, hitzaldiaren txanda izan “Tannat ardoaren ibilbidea” izenpean mintzatuko baita Alberto Eguiluz, Mercado 18 Kultur eta Gastronomia Gunean. Ardogintzaren historia Uruguain. Omenaldia egingo zaie Pascual Harriague eta Francisco Vidiella ardogileei.

Urriaren 6an, 14etatik 17etara, Altxor Bila jokoa eta jardueren amaiera, Mercado 18, Kultur eta Gastronomia Gunean.

Saltoko programaren informazio osoa, Salto Sale Egunkarian



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia