euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak Txinan: "Shanghaiko Euskal Etxea topagunea da, ez bakarrik euskaldunentzako"

2010/10/19

Aitor Azkue, Shanghaiko Euskal Etxeko presidentea (argazkia NG)
Aitor Azkue, Shanghaiko Euskal Etxeko presidentea (argazkia NG)

PUBLIZITATEA

Shanghaiko Erakusketak eta Patxi Lopez lehendakariak berriki Txinara egin duen bidaiak komuinikabideetara ekarri dute herrialde honetan bizi den euskal komunitatea. Txinan bizi diren euskaldun asko eta asko bertako enpresetan lan egiten duten profesional gazteak dira. Baina badago besterik ere. Diario de Noticias de Gipuzkoa egunkariak hiru lagunei egin die elkarrizketa: Aitor Azkue, Euskal Etxeko presidente berria; Estibalitz Gete, Euskal Etxeko presidente ohia, eta Ion Alaña, Shanghaiko Kuluska tabernako sukaldaria. Jarraian elkarrizketak laburtu eta euskaratu ditugu.

Shanghai, Txina. Aitor Azkue Shanghaiko Euskal Etxeko presidente berria da. Ekainean hartu zuen kargua eta joan den irailean Patxi Lopez lehendakariari harrera egin eta Euskal Etxearen saria, Urrezko Abakoa, Mondragon Korporazioko presidentea den Jose Maria Aldecoari, eman zion.

-Shanghain dagoen euskaldun batentzat zer da Euskal Etxea?

Topagune bat da. Gure lagunekin biltzen gara, Euskal Etxera beste bazkideekin etortzen den jende gehiago ezagutzen dugu. Hona euskaldunak ez ezik atzerritarren bat, madrildarrak, kataluniarrak eta andaluziarrak ere badatoz, bazkideen lagunak direlako. Hemen bizi garen euskaldunen arteko adiskidetasunaz gozatzeko giroa daukagu, asteburuan batzen garenean asteko arazoak ahaztu egiten ditugulako.

-Euskal Etxea Txinara lehen aldiz datorren euskaldun batentzako atea izan daiteke?

Lehen aldiz Shanghaira datorren eta beste erreferentziarik ez duen pertsona bat hona etorri, eta zeruko ateak irekitzen zaizkio. Batez ere txinera ikastera datorrenari edo hutsetik enpresa bat sortu nahi eta galduta dagoenari. Aldiz, Txinara lanera datorrena zerbait itxita dakarrela dator, bere enpresa du hemen, lankideak ditu, eta horrek erraztasun gehiago ematen dizkio. Euskal Etxea izatea lagungarria da, noski. Elkarri laguntzen diogu.

Elkarrizketa osoa, gazteleraz, hemen.

 

ESTIBALITZ GETE, Shanghaiko Expoan Bilboko standeko laguntzaile [eta Euskal Etxeko presidente ohia]

Estibalitz Gete, Donostiako Antiguo auzoko andereño gaztea, Bilbok Shanghaiko Expoan duen standean txinatarrei informazioa ematen aritzen da. Patxi Lopez lehendakaria eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea bertan izan zirenean uniformea utzi eta baserritarrez jantzi zen aurreskua dantzatzeko.

-Zer egiten zenuen Bilboko standean egon aurretik?

Hiru urte daramatzat Shanghaien, gaztelera irakasle bezala. Euskal Herrian lehen hezkuntzako andereñoa nintzen. Ikastola batean egotetik Euskal Herria Shanghaien ordezkatzera igaro naiz. 

-Zer iruditzen zaizu Txina?

Maila guztietan kontraste asko dituen herrialdea dela uste dut. Shanghain luxuzko apartamentuak ikus ditzakezu, gero kale kantoian kalezulo batean sartu eta ur edangarririk gabe bizi eta gela bereko zoruan lo egiten duen jendea dago bertan. Informazioa eta ezagutza asko duen jendea ere badago, baina gehienek informazio gutxi dute zentsuragatik.

-Txinatarrek Euskal Herria ezagutzen al dute?

Bilbotik edo Euskal Herritik ezagutzen duten gertuena Madril edo Bartzelona dira. Hori da txinatarrek mapan jartzen duten gauza bakarra.

Elkarrizketa osoa, gazteleraz, hemen.

 

ION ALAÑA, Shanghaiko Kuluska tabernako jabea

Hainbat jatetxetan lanean ibili ostean --tartean Oiartzungo Zuberoa ezagunean--, Ion Alaña bilbotar sukaldari gazteak mundua ezagutzea erabaki zuen eta Shanghaira etorri zen, Sara emaztearekin. Garai latzak pasa ostean bere ametsa betetzea lortu du, euskal taberna bat irekitzea Shanghain.

-Nola otu zitzaizun euskal taberna bat montatzea Shanghaien?

Abentura bizitzera etorri nintzen. Bartzelonan nengoen Sara emaztearekin, berak txinera daki eta Shanghaira etortzea erabaki genuen. Inor ezagutu gabe etorri ginen eta hutsetik hasi ginen.

-Ze bezero ditu Kuluskak, bi urte ondoren?

Denetarik dago. Sasoi batzuetan txinatar dexente dago, eurek arratsaldeko seietan afaltzen dutelako, europarrek zortzietan eta espainiarrek hamarretan. Errotazio asko dago, astean hiru egunetan egiten dugulako lan. Astezkenak ez ditugu zenbatzen, asteburuaren hasiera direlako eta Kuluska Shanghaien bizi garenon topagune bihurtzen den eguna delako. 

-Txinatarek euskal sukaldaritza atsegin dute?

Nire amonari igel-hankak edo tiburoia jaten ematea bezala da. Jendeak ez daki tortilla bat zer den.

Elkarrizketa osoa, gazteleraz, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia