euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak 'Talde etniko desberdindu' gisa aipatzen dituen AEBetako webgune ofizial batek hautsak harrotu

2007/05/02

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetako Estatu Departamenduaren webgune ofizialak, Espainiari buruz ematen dituen datuetan, euskaldunak, katalanak eta galiziarrak 'talde etniko desberdindu' gisa aipatzen ditu eta aipu soil horrek hauts bat edo beste harrotu du egunotan hedabide espainiar batzuetan. Estatu Batuetako Administrazioa 'bat etorri dela nazionalista eta separatistek erabiltzen dituzten postulatuekin' (sic) ere salatu dute. Albisteak iruzkin mota desberdinak eragin ditu interneten, 'Estatu Batuek ez dute aitortu begibistakoa dena baizik' diotenetik hasita, iparramerikarrak hori esateagatik 'ezjakin'tzat jotzen dituzteneraino.
Lerro bakarreko aipu soil batek Espainiari eskainitako atalean Estatu Batuetako Estatu Departamenduko webgune ofizialean --mundu osoko estatu bakoitzari buruzko aurkezpena eskaintzen du webguneak, geografia, demografia, egitura politikoa, ekonomia eta bezalako arloetako oinarrizko datuak alegia-- Espainiako zenbait hedabideen arreta kritikoa merezi izan du, 'harriturik' irakurri baitute Estatu Batuetako Administrazioak, Condolezza Rice buru duen departamenduaren bidez, euskaldunak, katalanak eta galiziarrak 'talde etniko desberdindu' gisa aipatzen dituela.

Estatu Batuetako Estatu Departamenduaren webguneak, Espainiako Erresumari buruzko jakingarrietan, gentilizioa, biztanle-kopurua eta urteroko hazkunde tasaren ondotik, 'talde etnikoak' izeneko ataltxoa dauka, eta horretan adierazten du hitzez hitz 'talde etniko desberdinduek Espainia barnean euskaldunak, katalanak eta galiziarrak biltzen dituzte' (Ethnic groups: Distinct ethnic groups within Spain include the Basques, Catalans, and Galicians). Informazio berak Frantziaren kasuan, zera dio: 'talde etnikoak: zeltak eta latinoak, teutoi, eslaviar, ipar-afrikar, Sahara azpiko afrikarrak, indotxinarrekin eta euskal minoriak'.

'Postulatu nazionalista eta separatistak'

Servimedia agentziak harrotu ditu hautsak webgune estatubatuarreko datu horri erreparatu --auskalo zenbat denbora egon den hor lo-- eta horren gainean albistea eraiki duenean. Jarraian espainiar eskuineko hedabide batek, Minuto Digital-ek alegia, eta aurretik eta ondotik beste batzuek, tartean Discapnet, Bottup edo Business Portal-ek oihartzuna eman diote. Minuto Digitalek, esaterako, hauxe dio bere albiste/iruzkinean: 'ez dirudi iparramerikarrak argi daukatenik zein den Espainiako errealitatea' edota, areago, 'Administrazio iparramerikarrak Katalunia, Galizia eta Baskongadei buruz transmititzen duen ideia bat etorri dela nazionalista eta separatistek erabiltzen dituzten postulatuekin'.

Bottup blogean, irakurleen iritziak banaturik agertzen dira. Batzuk galdetzen diote euren buruari 'non dago albistea? (...) enteratzen ez direla dirudien bakarrak espainiar eskuin zaharkitukoak dira', idazten dute 'jakina euskaldunak talde etnikoa direla, horrek ez ditu bilakatzen ez hobe ez makurrago, guapoago edo itsusiago, nagusiago edo menpekoago' edo 'ikusten dut Espainiatik kanpo gutxienez zentzu pixkat gehiago dagoela' eta badago dioenik 'hauek (estatubatuarrak), asmatzen duteneak, txiripaz asmatzen dute, halaxe doa mundua'; beste batzuk aipua 'aberrazio'tzat jotzen dute, 'ezjakitea besterik ez da', beste batek 'ni Madrilekoa naiz eta barrea eragiten dit iparramerikarrak batzuetan zein baldarrak diren ikustea' komentatzen du, eta bada esaldi hori 'gasolina da nazionalismo areagotuarentzat' dioenik.


Lotura interesgarriak

Datuak (Espainia) AEBko Estatu Departamenduaren webgunean www.state.gov/r/pa/ei/bgn/2878.htm

Datuak (Frantzia) AEBko Estatu Departamenduaren webgunean
www.state.gov/r/pa/ei/bgn/3842.htm

Albiste/iruzkina Minuto Digital-en
www.minutodigital.com webgunean

Albistea eta irakurleen iruzkinak Bottup-en
www.bottup.com webgunean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia