euskal diaspora eta kultura
2014/02/26
PUBLIZITATEA
Quilmes, Argentina. “Ipar euskal herritar ugarik emigratu zuten Argentinara eta garrantzi handia izan zuten herrien garapenean. Esaterako, Ipar Euskal Herritik etorrirako immigrante baten ondorengo zen Luis Leloir-ek, Kimika Nobel Saria irabazi zuen 1970ean. Beste adibide bat, Francisco Eugenio Labourt-ena izan daiteke. Bera, Ithuralde eta Lassalle jaunekin batera, Baionatik argentinaratu zen 1850ean eta Quilmesen kokatu ziren. Oso partaidetza handia izan zuten hirurek herriaren garapen komertzialean, eta baldintzak erraztu zituzten beste euskaldun asko etorri ahal izateko. Aurrerapen nabariak lortu ziren garai hartan, Quilmes partidua Argentinako merkataritza eta industria gunerik garrantzitsuenetako bat bihurturik”. Izen handiko gizon hauek aipatuz hasten du Chalo Agnelli irakasleak Quilmeseko euskal gizataldeari buruzko bere artikulua.
Historia ez da laburra eta beste hainbat historialarien lanez baliaturik, euskaldunen garapena, eta aldi berean burutzen ari zen eskualdearena deskribatzen ditu idazleak. Kontsultatutako bibliografia, oparoa da, tartean liburuak, aldizkari artikuluak, ezkontza erregistroak eta euskal immigrazioari buruzko zenbait txosten.
Aipagarriak diren gertaerak ere ez dira gutxi Agnelli-ren testuan eta batez ere Francisco Eugenio Labourt-en bizitzan murgiltzen da, berak sortutako familiak eragin handia izan baitu herrian. Honekin lotuta aipatu behar da, Labourt, Quilmesko udaleko ordezkaria izan zela 1857 eta 1859 urteen artean (“eta horrek ekonomiaren eta gizartearen aurrerapena islatzen du, kargu horretara heltzeko 10.000 pesoko kapitala izan behar baitzuen”); hiriko merkatari nagusietako bat izan zela, Juan Ithuralde eta Alejandro Lassalle-rekin batera; laguntza handia eman ziola hiriko liburutegiari; eta 1890an Quilmes Partiduko babesle handienetako bat izendatu zuela bertako Udalbatzak.
Begi bistan uzten dua historialari argentinarraren artikuluak herriaren eta herritarren historiak ezin direla banatu. Eta hori dela eta Francisco E. Labourt-en ekarpenak ez ezik, bere ondorengoenak ere zerrendatzen ditu. (artikulu osoa hemen)
Quilmesko Euskal Etxzea: hitzaldiak martxoan
Quilmes herriari eskainitako blogean, bertako euskal etxea nola sortu zen ere azaltzen du Agnelli-k. Gogora dezagun Quilmeseko Euskal Etxea 1901ean jaio zela, urtarrilaren 6an hain zuzen, herrira iritsiak ziren hainbat euskal etorkinen eskutik. Lehenengo kideen izenak jakinarazteaz gain --tartean Juan Bazterrica, Agnelli-ren aitona--, garaiko egunkarietan agertutako berriak eta argazkiak jartzen ditu eskuragarri egileak.
Jakina denez, eta barne desadostasun batzuen ondorioz, itxita egon zen Quilmeseko euskal instituzioa denbora luze batean. Orain, ordea, berriro ari da bere ateak komunitateari irekitzen eta iaz bezala, aurten ere antolatu da euskal kulturari buruzko ikastaro bat Pedro Goyena Udaleko Liburutegian. “Ekintza martxotik aurrera burutuko da, Luis Luquez-en eskutik”, jakinstsxi dio Chalo Agnelli-k EuskalKultura.com-i.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus