euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak Quebeceko Euskal Etxeak sasoi berria abian jarriko du, bihar egingo duen landa topaketarekin

2007/08/10

Euskal Etxearen 10. urteurrenean sokatiran ibili ziren Quebeceko Euskaldunak (argazkia QuebecEE)
Euskal Etxearen 10. urteurrenean sokatiran ibili ziren Quebeceko Euskaldunak (argazkia QuebecEE)

PUBLIZITATEA

Euskaldunak est de retour, Euskaldunak bueltan da, iragartzen du Quebeceko Euskal Etxeak. Joan den apirilean zuzendaritza batzorde berria aukeratu zuten --Jean Goyhenetche da lehendakaria-- eta orain bazkideentzako piknika antolatu dute biharko cabane á sucre batean (astigar ziropea egiten zuten aspaldiko landetxeen ondorengo jatetxea). Quebeceko euskal etxeko bazkideek lagunekin bildu eta egunpasa polita egiteko aukera izango dute, dantza, mus eta petanka txapelketa eta guzti.
Euskaldunak Quebeceko Euskal Etxea martxan da berriz opor tarte baten ondoren. Elkartearen hurrengo ekitaldia bihar bertan izango da, Rosaire Gagnon cabane á sucre estiloko jatetxean. Hitzordua elkarteko kideak berriz bildu eta joan den apirilean aukeratu zuten zuzendaritza batzorde berria aurkezteko aukera ederra izango da. Jean Goyhenetche da presidentea eta berarekin batera Pierre Clarisse (lehenengo presidenteorde) eta Ernest Béhaxétéguy (bigarren presidenteorde) daude goi karguetan. Nicolas Bonnan da elkarteko diruzaina eta Monique Béhaxétéguy idazkaria. Zuzendari lanetan Lucette Lucu, Liliane Tachoires, Nadine eta Véronique Lachaussée, Chantal Gayola Lachaussée eta Jean-Claude Elissalde daude. Elkarteak, bestalde, helbide berria duela jakitera eman du: 429 rue Viger Est, Montreal Qc -H2L 2N9 (Tel: 514 842 5738).

Bere azkeneko oharrean Euskal Etxeak bere urteroko mechoui traditionnel edo piknikean parte hartzeko gonbita luzatzen zien elkarteko bazkideei. Hitzordua bihar bertan izango da, Rosaire Gagnon cabane à sucre delakoan. Cabane á sucre estiloko jatetxe mordoxka dago Quebecen eta Amerikako Iparraldean. Indiarren ohiturei jarraiki astigar ziropea egiten zuten landetxe txikien ondorengoak dira.

Jokoak, tailerrak eta artisautza

Arratsaldeko lauetan emango diote hasiera bilkurari eta bertaratzen direnek jarduera askotan parte hartzeko aukera izango dute, horien artean mus edota petanka txapelketak. Gainera dantza tailer bat ere egingo dute eta ausartzen direnek Mutxikoak, Fandango eta Arin-Arina dantzatzen ikasi --edo dakitena erakutsi-- ahal izango dute. Arratsaldean zehar elkarteko eta inguruetako artisau eta artistek euren produktuak erakusteko gonbitea jaso dute.

Azkenik, ekitaldien artean Euskaldunakeko kideek vente de garage estiloko enkante bat egingo dute. Kideek emandako produktuak salduko dira bertan eta lortutako dirua Euskaldunaken jardueretarako gordeko dute. Eguneko egitaraua borobiltzeko afaria egingo dute eta euskal kantuak abestu afalostean. Afariaren prezioa 27$ izango da Euskaldunakeko kideentzat eta 32$ kide ez direnentzat. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, deitu Jean Goyhenetcheri 514 323 6690 telefonora edo bidali e-maila bidali Ernest Behaxateguyri, hona.


Lotura interesgarriak

Euskaldunak, Association des Basques de Québec
www.euskaldunakquebec.com

Quebeceko Euskal Etxearen 10. urteurrena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko ekainaren 20an

'Cabanes á sucre', astigar ziropearen tradizioa jarraituz
www.cabaneasucre.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia