euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak Kuban, Kuba Euskal Herrian: Eraikitzen ari den historia baten parte

2010/10/20

Habanako Malekoian (argazkia B.Miñaur)
Habanako Malekoian (argazkia B.Miñaur)

PUBLIZITATEA

Euskaldunek Kuban duten presentziaren jatorria, europarrak Karibera heldu ziren garaikoa da. Ordutik, euskaldun ugarik zapaldu dituzte Kubako lurrak: abenturazaleek eta soldaduek, ondokoek eta marinelek, kortsarioek eta piratek, emigranteek eta erbesteratuek, militarrek eta koroaren funtzionarioek, eta, noski, Elizako pertsona ugarik. Josemi Arrugaetak euskaldunek Kuban izan zuten eragina eta Kubak Euskal Herriarekin duen harreman estua jasotzen du Berria egunkariak argitaratutako artikulu honetan.

Josemi Arrugaeta/Habana, Kuba. XIX. mendetik aurrera egin zen nabarmenagoa euskaldunen Kubarako etorria. Habana, Cienfuegos eta Cardenas izan ziren euskaldunak Kuban finkatzeko aukeratu zituzten tokiak. Ipar Euskal Herritik Karibeko irlaren ekialdera XX. mendearen lehen erdialdean etenik gabe izandako migrazio indartsua ahantzi gabe, noski.

Baina, egiaz, Kubako geografian barna ezin susmatuzko txokoetan aurki ditzakegu euskaldunen presentziaren aztarnak. 1950eko hamarkada amaiera arte, Kubak, euskaldunen helmuga izaten jarraitu zuen. Etorrera hori Kubako historiak eta bertako gertakarien gorabeherek baldintzatu zuten. 1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera euskaldunak berriz ere irlan presentzia irabazi zutela esan daiteke, bestelako arrazoi batzuek bultzatuta oraingoan; erbestea, harreman afektiboak, erakunde jarduerak, elkartasun politikoa, turismoa edota aukera ekonomiko berriak. 

Karibeko azken piratak

Euskaldunek urteetan irlan eginikoen erakusgarri eta adibide ugari topa daitezke: Baionakoak izan ziren Karibeko azken piratak —Lafitte anaiak—; gipuzkoarrak eta Ipar Euskal Herrikoak ziren Rosario mendilerroko kafe soroetako jabeetako zenbait, soroatarrak kasu. Zuluetarrak, calvotarrak eta apeztegiatarrak ere eragin handiko merkatari eta beltztratulari bilakatu ziren. Baina euskaldunen izen propioak kultur, kirol edo politika esparrura ere zabaldu daitezke, Jesus Sarria, Aita Ignacio Birain eta Patricio Landaluze margolariaren kasuan bezalaxe, izen gutxi batzuk aipatzearren. Kuban Eliza katolikoaren presentziaren alorrean, euskaldunen garrantziak aparteko kapitulu bat ere merezi du.

Ekonomian, kulturan eta politikan euskaldunen presentziak Kuban garrantzia izan badu ere, Iberiar Penintsulako beste emigrazio talde batzuena baino txikiagoa izan da. Euskaldunen elkarteek denbora behar izan zuten sortu, finkatu eta dokumentuak eta artxiboak pilatzen hasteko. 1877an eratutako Habanako Euskal Etxearen kasua da hori, eta Laurac-Bat aldizkariarena, Euzkara elkartearena (apenas geratzen da haren arrastorik), Baskongadetako Tertzio eta Boluntarioena Independentzia gerretan edota gutxi ezagutzen diren EAJren Kubako ekintzena, 1940tik 1950eko hamarkada amaiera arte (Agirre lehendakariak Kubara eginiko hiru bidaia barne). 

Aretxabala ron fabrika

Sakabanatuta dauden arren, eta sarri aurkitzen zailak izan arren, euskaldunen presentziaren frogak dira dokumentu eta orriak. Etengabeko ikerketa gai ere bilakatu dira horiek, gainera. Arrasto fisikoak ere badira, oinordetzan utzitako ondarearen artean. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba herrixkak, Zulueta herria (non Julian Zulueta ogasundunak azukre findegiak zituen), Cardenasko Aretxabala ron fabrika erraldoia, Trinidadeko Bizkaia gotorleku txikia, Rosario mendilerroko kafe soroen hondakinak, Cienfuegosko Jai-alaia eta Habanako euskal txokoak ondare horren adibide dira, baina ziurrenik zerrenda osatu gabea da. 

Euskaldunak Independentziaren aldeko borroketan

Azken urteotan Kuban euskaldunek izan duten eraginaren eta Kubak Euskal Herrian izandakoari buruzko ikerketa ugari egin dituzte, eta datu berriak eman dituzte argitara. Hainbat ikertzaile, unibertsitateko irakasle eta gaiaren maitaleren esfortzu eta lanaren emaitzak dira horiek. Ildo horretatik, Beñat Çuburuk Ipar Euskal Herritik etorritako emigrazioaren inguruan eginiko lanak aipa daitezke. Baita Alexander Ugaldek euskaldunek independentziaren aldeko borroketan izan duten jarrerari buruzko azterketak ere. Alberto Irigoienek Habanako Euskal Etxeko artxiboak digitalizatu izanak ikerketa bide berriak ireki ditu. Kubatik ere egin dira euskaldunen inguruko lanak; Cecilia Arrozarenaren El Roble y la Ceiba liburua eta hainbat artikulu, adibidez. Eduardo Marrerok Julian Zuluetaren lehen biografia idatzi du.

Horiek guztiek bide berriak ireki dituzte eta Kubako hainbat ikertzaileren artean interesa pizten ari dira, pixkanaka-pixkanaka. Gai liluragarri horretan barneratuz, osagai berriak topa daitezke, sarri ñabarduraz, aztarnaz eta iradokizunez beteak. Euskaldunen Kuban egindako historia eta Kubak Euskal Herrian izandako eragina eraikitzen ari den historia da. Hori ez da salbuespena, beste historia handiago baten eta modu bertsuan ezezaguna den historia baten zati baizik ez baita Kubakoa; Iparragirrek esan bezala, Gernikako arbolaren fruituen gisan, munduan zehar barreiatutako euskaldunen historiarena, alegia.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia