euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak hiltzeko baimena ematen zuen lege bat indargabetu berri dute Islandian

2015/04/28

Adiskidetze ekitaldia Hólmavík-en: Jónas Guðmundsson, Westfjord-eko Sheriff-a; Illugi Gunnarsson, Islandiako Kultur Ministroa; Esther Ösp Valdimarsdóttir, Hólmavík herriko ordezkari, eta Martin Garitano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia
Adiskidetze ekitaldia Hólmavík-en: Jónas Guðmundsson, Westfjord-eko Sheriff-a; Illugi Gunnarsson, Islandiako Kultur Ministroa; Esther Ösp Valdimarsdóttir, Hólmavík herriko ordezkari, eta Martin Garitano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia

PUBLIZITATEA

Atentzioa deitu digu kontu honek, egunotan Islandian egin den euskal-islandiar harremanei buruzko nazioarteko kongresuan argitara atera dena. Mintegiak 1615eko 32 euskal baleazaleen hilketa aztertu zuen eta, adiskidetze ekitaldi sinbolikoen artean, hara non, Westfjord-eko sheriffak indargabetu egin zuen Islandiara sartzen diren euskaldunak libreki erahiltzeko baimena. Nola hartu zuten berria mintegian ziren euskaldunek? Bada, zur eta lur, Euskal-Islandiar Elkarteko Ólafur Engilbertsson-ek Euskalkultura.com-i azaldu dionez.

Reykjavik, Islandia. Azken 400 urteotan Islandiako mendebaldeko fiordoetan indarrean egon da euskaldunak erahiltzeko baimena ematen zuen lege bat. Iragan apirilaren 22an, adiskidetze ekitaldi batean, Jonas Gudmunssonek, egungo Wesfjords-eko sheriff-ak, lege hau indargabetu egin zuen, Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren aurrean.

Sheriff-ak komunikabideei esan dienez, “gertakari hauek Islandiako historian puntu beltza dira. Euskaldunak, noski, ongi etorriak dira hemen eta Islandiako edozein lekutan, eta euskaldunak hiltzea legez kanpo dago eta egon da beti, beste edonor hiltzea bezalaxe".

Sarraskia 1615ean

Legea 1615ean sortu zen. Urte horretan, Gipuzkoako hiru baleontzi hondoratu ziren Islandiako kostaldean eta bizirik ateratzea lortu zuten 80 marinelek Islandian gelditu behar izan zuten udaberria arte. Negua, antza, oso gogorra izan zen eta janari eskasia izan zen, eta euskaldunen eta islandiarren artean liskarrak hasi omen ziren.

Gauzak horrela,  Westfjords-eko sheriff-ak, Ari Magnussonek bertan ziren euskaldunak hiltzeko baimena ematen zuen legea onartu zuen. Hurrengo asteetan, Magnussonek zuzenduriko taldek 19 marinel akabatu zituzten, eta inguruetako biztanleek beste 12. Euskaldun batzuk ihes egitea lortu zuten, belaontzi ingeles bat eskuratu eta gero.

Adiskidetze ekitaldia

Sarraskia oroitu dute egunotan Islandian, gertakariari buruzko nazioarteko mintegi batean. Antolatzaile izan dira Euskal Islandiar Elkartea, Etxepare institutua eta Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Islandiako Gobernuaren sostenguarekin.

Mintegiaren baitan, apirilaren 22an adiskidetze ekitaldia egin zen Holmavik herrian, eta egungo sheriffak, Jonas Gudmunsson-ek, legea indargabetu egin zuen. "Une hunkigarria izan zen, eguzkia ere izan genuen, eta bertan ziren euskaldunak biziki harritu ziren horrelako legea genuela jakitean", azaldu dio EuskalKultura.com-i Euskal Islandia Elkarteko Ólafur Engilbertsson-ek. "Ni Snæfjallaströnd-en jaio nintzen, Ari Magnússonek eta bere taldeak euskaldunak hil zituzten lekutik gertu. Txikitandik entzun izan diut istorio hori eta jakinmina piztu zidan", azaldu du.

Erakusketa udan

Engilbertsson eta elkarteko best 40 kideek Islandia eta Euskal Herriaren arteko komunikazioa eta kultur trukea sustatzeko lanean ari dira. Egia esan, azken 400 urtetan, sarraskiaren ondotik, euskaldun eta islandesen arteko harremanak onak izan ziren eta kultur eta merkatal truke aberatsa izan zuten bertara bale ehizan joaten zirenekin. Euskaldunen sarraskia gertakari lotsagarritzat dute egungo islandesek.

Elkartean gertaerari buruzko liburua argitaratu du (islandieraz, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez),  AEBetako Center of Basque Studies eta Barandarian Chair of Basque Studies -ekin lankidetzen. Islandiako Má & Menning argitaletxeak plazaratu du. Horrez gain, aurtengo udaran gaiari buruzko erakusketa bat egingo dute --hau ere lau hizkuntzatan-- New Yorkeko Guillermo Zubiagam komikiegile euskaldunaren marrazkiekin.

Pagina de Facebook de la Asociación Vasco Islandesa, aquí.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia