euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak eta islandiarrak batzen dituen itsas historia zentro bat eraikitzen hasi dira Islandiako Djupavík herrian

2023/08/29

Euskal txalupa baleazalearen xehetasunak erakusten, iragan aberatsa ezagutu eta gaur egun ere baliotsu bilakatzeko
Euskal txalupa baleazalearen xehetasunak erakusten, iragan aberatsa ezagutu eta gaur egun ere baliotsu bilakatzeko

PUBLIZITATEA

Pasaia, Gipuzkoa. Islandiako eta Euskal Herriko itsas historia partekatua berreskuratzearren lanean diharduen Islandiako elkarte bat da "Basque Association in Iceland", eta harreman historiko horren lekukotasuna eman eta erakusgai ezarri nahi duen euskal zentro bat sortzeko xedez ari da lanean Islandia mendebaldeko fiordoen Strandir eskualdeko Djupavík herrian, Islandiara zihoazen euskal marinelekin lotura zuzena daukan eskualdean, hain zuzen ere. Djupavík, itsasoari lotutako industriengatik ezaguna den herri txiki bat da, eta inguru horietan hondoratu ziren 1615ean euskal baleontziak.

2021ean, “Basque Association in Iceland”ek gonbitea kuzatu zion Pasaiako (Gipuzkoa) Albaolari aipatutako Euskal Zentruaren sorreran parte hartzeko; Itsasoa lokarri izan duten Europako bi nazio txikiren —Islandia eta Euskal Herria— historia ospatzeko. Itsas historia partekatu hau ezagutzera emateko helburua bat dator euskal itsas elkarte pasaitarraren helburuekin, baita bie horretan harreman berriak eraikitzeko xedeekin ere, publiko berriengana iristearren, aukera delarik edonola ere euskal itsas historia nabarnentzen jarraitzeko. Albaola lankide, beraz, elkarte islandiarrak aurrerapausoa eman du bertako iragana hobeto ezagutu eta komunean dugun euskal-islandiar ondare baliotsuan sakontzeko.

Sinposioa urriaren 16 eta 17an

Albaolak proiektuaren zerbitzura jarriko du bere eskarmentu zabala, izan ere aditua da garai bateko bale-txalupen eraikuntzan eta erabileran. Parks Canadak Red Bay-n San Juan baleontziaren azpian hondoratuta aurkitutakoaren mota bereko txalupez ari gara. Albaolak "Apaizac Obeto" arkeonabigazio-espediziorako eraikitako erreplikaren eredu bera da eta Albaolako presidente Xabier Agote buru zuela, 2006an San Laurendi ibaian barrena arraunean eta belaz 1000 itsas milia egin zituen txalupa bera. Espedizio hartan ikasitakoak ezagutza berriak ekarri zituen txalupa honi buruz zein Labradorreko euskal baleazaleen bizimoduaz.

Hau guztia gogoan, Albaolak zenbait konpromiso hartu ditu ilusioz beterik abiatzen ari den proiektu honetan. Lehenengo eta behin, bi eguneko sinposioa antolatu du urriaren 16 eta 17an, ontzigile tradizional eta historialariekin, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian bertan. Helburua ontzigintzako euskal tradizioak partekatzea eta alderatzea, batez ere bale-txalupei dagokienean. Publiko orokorrari irekita egongo da.

Euskal txalupak Islandian

Prestakuntza trinko bat antolatuko dute, Islandiako hainbat ontzigile tradizionalei bereziki zuzendua, bale-txalupa bat eraikitzen ikasi eta ondoren hala egin dezaten Djupavík-en. Prestakuntza hori, Pasaiako ontziola-museo-eskolan egingo da, urrian baita ere, sarrera-tailer batekin hasita, eta 2024an prestakuntza aldi luzeago bat izango du segida. Ororen helburua, Islandiako arotzak trebatzea euskal baleontzi bat eraiki dezaten Djupavík-eko Euskal Zentru berrian.

Albaolako zuzendari zientifikoa den Xabier Alberdik ikuskatuko ditu Djupavíken bale-txaluparen eraikuntzarekin batera ikusgai egongo den erakusketako edukiak, izan ere itsas historia partekatuak atal garrantzitsua izango du honen baitan. 'Baskasetur' izen adierazgarria jarriko diote museoari eta bi herrialdeok 1615ean gertatutako euskaldunen sarraski zoritxarrekoaren aurretik zeukaten harremana eta komunean zeukaten itsas kultura jendaurretuko du.

Ondare komuna ikertu eta aldarrikatzen

Erakusketak alboko jarduerak ere eskainiko ditu, tartean euskal baleazaleen historia landuko duten tailerrak, kontzertuak eta bestelako saio artistikoak, itsas ingurumena ere landuz eta egungo bertako arrantza-komunitate txikien partaidetza ere bilduz. Helburua, Euskal erakusketa iraunkor bat sortzea da, islandiar eta euskaldunek partekatu ohi zuten kultur ondarea balioan jarriz eta historiaren eta gaurkotasunaren artean zubilana egin eta elkarguneak bilatuz.

Museoa eraikitzeko lanak hasi dira dagoeneko, eta erakusketa 2025eko abuztuan inauguratzea aurreikusten da, 'Creative Europe' Europar Batasuneko funtsak finantziatzen lagundutako hiru urteko proiektu baten barruan. 'Basque Association in Iceland' elkartea koordinatzaile Europar Batasunari aurkeztutako proiektu honetan, Albaola ez da bazkide bakarra. Euskal kultura arloko elkarte eta erakunde islandiar gehiago bildu dira, hala nola Haizebegi euskal musika elkartea edo 'University Centre of the Westfjords' (University of Iceland) bezalako partaideak, baita Strandagaldur ses, Hótel Djúpavík eta Árneshreppur ere.

Itsasoak lankide egiten

Hainbat hilabetez elkarlanean aritu ondoren, erakunde bakoitzeko partaideak abuztuaren 21an bildu ziren Islandian, Djupavík-eko erakusketa gunea bisitatu eta aurkezpen bat egiteko, euskal musika ere partaide Habia euskal taldea eta txalaparta musikarekin, proiektuko kide den Haizebegi antolatzaile. Datozen urratsak zehaztuta, hurrengo elkarretaratzea urrian egingo da Pasaian Albaolaren egoitzan. Bertan, Albaolak itsas ondare materiala eta ez-materiala babesteko eta zabaltzeko sortu duen ekosistema ezagutzeko aukera izango dute; eta, jakina, baita ontziola-museo-eskolako erakusketaren parte den bale-txalupa eta 2015ean UNESCOren babesa lortu zuen San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza bisitatzeko ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia