euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskaldunak eta Ameriketako independentziak' liburua aurkeztu du San Juango EEak hiriko Liburu Azokan

2013/10/21

San Juango Eusko Etxea ikurra den Ofelia Larrea 2013ko Azokako Euskal Standean (argazkiaEE)
San Juango Eusko Etxea ikurra den Ofelia Larrea 2013ko Azokako Euskal Standean (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

San Juan probintzia argentinarreko Liburuaren eta Herri Kulturaren Azokaren bosgarren edizioaren leloa ‘Latinoamerikako Koloreak’ izan da aurten. Ildo horri eutsiz, ‘Los vascos en las independencias americanas’ (Euskaldunak eta Ameriketako independentziak) liburua aurkeztu zuen euskal gizataldeak bertan. Berri honekin batera, Eusko Etxeak eta Pio Baroja Liburutegiak euren tristura adierazi nahi dute erakundearen lagun zen Margarita Ferra de Bartol-en heriotza kari. Margarita Ferra de Bartol diputatu eta historialaria ‘Euskaldunen kokalekuak Argentinan. 1580-1810’ liburuko San Juan-i buruzko atalaren egilea zen.

San Juan, Argentina. Urtero bezala, 2013 honetan ere izan dira Eusko Etxea eta honen baitango Pio Baroja Liburutegia euskal gizataldearen ordezkari San Juango Liburuaren eta Herri Kulturaren Azokan.

Ekitaldiaren bosgarren edizioaren leloa ‘Latinoamerikako Koloreak’ izan da eta horri begira 'Los vascos en las independencias americanas' (Euskaldunak eta Ameriketako independentziak) liburua aurkeztu zuen liburutegiak euskal etxearen standean. Liburua 2009an argitaratu zuten elkarrekin Oveja Negra argitaletxe kolonbiarrak eta Bogotako Euskal Etxeak, Hegoamerikako hainbat herrialderen Bigarren Mendeurreneko ospakizunen baitan.

“Feriaren aurtengo leloa kontuan hartuz oso egokia iruditu zitzaigun liburu hau ezagutaraztea", adierazi dio Pio Baroja Liburutegiko arduradun Carina Oyolak EuskalKultura.com-i. "Izan ere, liburuan Latinoamerikako herrialdeen independentzia prozesuetan euskaldunek izan zuten engaiamenduaz idatzi dute zenbait adituk. Duela urte batzuk jaso genuen liburua. Bogotako euskal etxeko kide batek oparitu zion gure lehendakari orde Paulo Landa-ri”, azaldu du Oyolak.

Liburuarekin batera, beste proposamen batzuk ere eskaini zizkieten San Juango euskaldunek Feriara bertaratu ziren lagunei, tartean, euskal jatorriko Hego Amerikako idazleei eta oro har euskal abizenei buruzko informazioa, mapak, argazkiak eta Euskal Herriko datu orokorrak

San Juango Liburuaren eta Herri Kulturaren Azokaren bosgarren edizioa urriaren 7tik 13ra luzatuko zen baina larunbat 12an bertan behera utzi behar izan zen probintziako Gobernadoreak izandako istripuagatik.

Atsekabea San Juango euskal etxean lagunaren heriotzagatik

Jakina denez, istripu larria pairatu zuten joan den urriaren 11an San Juango Gobernadore Jose Luis Giojak eta bere laguntzaile batzuek, Valle Fertil-etik probintziako hiriburura zeramatzan helikopteroa erori zenean. Istripuaren ondorioz, Margarita Ferra de Bartol San Juango diputatua eta historialaria hil zen.

“Margarita euskal etxearen lagun mina zen", kontatu digu Oyolak. "Izan ere, euskaldunei buruzko ikerketa batzuk burutu zituen bere karreran zehar. Esate baterako, Euskal Herritik etorri eta San Juan probintzian kokatu ziren immigranteei buruzko txosten bat idatzi zuen. Testu hori Juan de Garay Fundazioak argitaratutako ‘Euskaldunen kokalekuak Argentinan. 1580-1810’ bilduman aurki daiteke. Gure dolua adierazi nahi dugu hain galera handiagatik” azaldu du liburuzainak.

EuskalKultura.com-etik ere bat egiten dugu euskal etxearen adierazpenarekin eta gure doluminak luzatu nahi dizkiegu erakundeko kideei eta baita Margarita Ferra de Bartol-en familia eta lagunei ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia