euskal diaspora eta kultura
2011/12/09
PUBLIZITATEA
Juan Lucio Agotegarai Etxaniz/Arrecifes, Argentina. Gure herriari bagagozkio, Bizkaitik heldu euskaldun bat, Ortiz de Zarate, izan zen 1586an hona iritsita, barruti hau zeharkatzen zuen ibaiari "de los Arrecifes" izena eman ziona, geroztik hainbat izan direlarik lurrotan ezarri diren euskaldunak, landa-eremuan gehienbat. Eurekin, euren ohitura eta tradizioak eta euren kultura eta moldeak ekarri zituzten, eta horiek bat egin zuten bertako leinukoek zituztenekin.
Jaiak eta festa egiteko manera ere eurekin ekarri zuten, eta uztailaren 31 oro San Inazio ospatzen hasi ziren, euren Euskal Herri maitean atzean utzitako elkarretaratze, oturuntza, dantzaldi eta kanta moldeak bertan biziaraziz.
Urteak pasatu ahala, euskaldunen kopurua haziz joan zen eta bizitza aktiboa ekarri zioten eskualde osoari. Asko industri lanetara dedikatu ziren, beste batzuk eskulanetara (okin, adreilugile, arotz, burdingile, 'zanja'gile, alanbre-paratzaile, alpargatagin, ostatari...).
Arrecifesek esne horkikuntza eskatu zuenean, euskaldunek esne-negozioari ere ekin zioten.
Baina euren birtuteen artean ez zegoen soilik langile nekaezinak izatea, aldi berean adibide izan baitziren moralari, zintzotasunari, hurkoekiko leialtasunari eta eskuzabaltasunari dagokienez, baita abegikortasunari, kristau apaltasunari eta neurritasunari dagokionean ere.
Adinean gora egindakoek ederdi oroituko dute 'Euskaldun hitza'ren balioa, haren aurrean ez baitzen besterik behar, ez kontratu ezta bestelako sinadura idatzirik ere, hitza sakratua baitzen eta behin emandakoan bete egiten baitzen.
Baina euskaldunak, banatuta egon gabe, zatituta zeuden: landa-eremuan bizi zirenak eta herrian bizi zirenak.
Eta on Franzisko Hernandorenak Arrecifesera heltzen ziren euskaldunen errolda moduko bat bazeraman ere, herrikide iritsiberriak abegikor hartu eta lana eskaintzearren, guztiek elkar ezagutu bai, baina bakoitza bere lekuan gelditzen zen.
Egun handia izan zen 1921eko azaroaren 20ean euskal gizataldeko kide guztiek bat eginik (landako zein herriko) 'Sociedad de Socorros Mutuos' bat (Elkarri Laguntzeko Elkartea) osatzeko bildu eta geroztik herrian euskal tradizioei eusten, euskal ohiturak lantzen eta horien bidez Euskal Herria bertan biziberritzen aritu izan den erakundearen sortze-urratsa eman zuten hura.
Bertaratu zirenen bozka demokratikoarekin Zuzendaritza Batzorde bat hautatu zen eta hari egotzi zitzaion elkarte berriaren araudia idazteko zeregina.
Taldeko buru zen don Franzisko Ansalas eta harekin batera zeuden don Tiburcio Bilbao, don Lucio de Echaniz, don Jorge Artola, don Juan Zubeldia, don Juan Ocariz, don Julián Noguera, don Juan Arregui, don Teodoro Arana eta don Demetrio Aranceta.
Lucio Echaniz jaunak iradokita elkarteari 'Euskaldunak Denak Bat' izena paratu zitzaion.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus