euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak Denak Bat elkarteak Arrecifeseko lagunak bildu zituen 2008 urteari Euskal Jai batekin agur egiteko

2008/12/31

Txiki Zaharrak dantza taldeak erakustaldia eman zuen (argazkia ArrecifesEE)
Txiki Zaharrak dantza taldeak erakustaldia eman zuen (argazkia ArrecifesEE)

PUBLIZITATEA

Gorriz, berdez eta zuriz jantzi zen Arrecifeseko Lamadrid kalea joan den igandean. Han bertan, Euskaldunak Denak Bat elkartearen egoitzaren atarian, euskal etxeko kideek 2008 urteari agurra eman zioten. Herri osoak ikusi ahal izan zituen elkarteko talde desberdinek prestaturiko antzezlana, dantzak, Papá Noel eta Olentzero, eta, jakina, Euskal Herritik heldu berria den Maral taldearen kontzertua entzun.

Arrecifes, Argentina. Gaueko bederatziak inguruan hasi zen jaia euskal etxearen atarian. Jaia abiatuz ‘Txano Gorritxu’ ipuinaren euskarazko bertsio bat antzeztu zuten etxeko txikienek. Musikal itxurako antzerki-lanean, urtean zehar ikasitakoa, euskara, abestiak eta dantzak erakutsi zizkioten umeek euskal etxera hurbildu zen publikoari.

Ondoren Maral taldekoek, orain dela hilabete eskas Euskal Herrian euren lehenengo aurkezpena egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak oparitutako ikurrina eman zioten Marilín Bóveda Aldazabali, erakundearen lehendakariari. “Berriro etxean” eta erabat hunkituta bizi izan zuten esperientziagatik, taldekideek bere musika eta Euskal Herrian hartutako hamaika argazki konpartitu zituzten herriko jendearekin.

 

Urte Zahar Jaia 2008 (1)

[Maral taldea, Euskal Herritik egin duen biratik itzuli berria, jaian izan zen, bere musikarekin giroa alaituz (argazkia ArrecifesEE) ]

Papá Noel eta Olentzero ere agertu ziren urteko azken jai honetan eta nahiz eta hizkuntza ezberdinetan mintzatu, solasaldi umoretsu eta parregarri bat izatea lortu zuten eta azkenean ados jarri ziren umeen artean goxokiak banatzeko. Ugarritzak taldekoek ere kalean dantza erakustaldia eskaini zuten, Maralen zuzeneko musikarekin. Eta egoitzara sartu baino lehen jaiari bukaera ederra jarriaz etxeko Txiki Zaharrek –-euskal etxeko dantzari helduenek-– Lantzeko Ihauterietako dantza egin zuten. 

Urte Zahar Jaia 2008 (2)

[Papa Noel eta Olentzerok eztabaida dibertigarri bat izan zuten, opariak nork emango zituen erabaki nahian. Azkenean ados jarri eta biek batera banatu zituzten! (argazkia ArrecifesEE)]

Ondoren, etxeko areto nagusian eta patioan patin eta taekwondo erakustaldiak izan ziren. Bukatzeko, Marilín Bóbeda lehendakariak eskerrak eman zizkien etxeko kideei nahiz Euskaldunak Dena Bat-eko lagunei eta datorren urtean euskal etxeko ekintzetan parte hartzera gonbidatu zituen.

Urte Zahar Jaia 2008 (3)

[Ugarritzak dantza taldeak ere hartu zuen parte Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen Urte Zahar Jaian (argazkia ArrecifesEE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia