euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak Denak Bat-ek 'Potxolo Loyola' bataiatu du bere taberna, aurten hildako bere txistulariaren omenez

2007/12/24

Arrecifeseko Euskal Etxeko tabernari Adalberto Loyola 'Potxolo' izena ematen dion plaka oroigarria
Arrecifeseko Euskal Etxeko tabernari Adalberto Loyola 'Potxolo' izena ematen dion plaka oroigarria

PUBLIZITATEA

2007ko jarduerak ixteko eta Euskararen Egunarekin bat eginik, Arrecifeseko euskal etxeak omenaldia eskaini zion urtetan bertako txistulari eta txistularien maisu izandako Adalberto Pedro Loyola, Potxolo-ri, plaka bat ipiniz hain zuzen, hemendik aurrera bere izena eramango duen etxeko tabernan. Ekitaldi hunkigarria izan zena amaituta, Patin eta Taekwondo Eskoletako ikasleen txanda heldu zen eta gauari agurra emateko Euskal Etxeko Ugarritzak dantza taldeko gazte eta txikien dantzak izan ziren ikusgai.
Euskaldunak Denak Bat-ek, joan den maiatzaren 15ean zendutako bere bazkidea gogoratu nahi izan zuen. Ekitaldia abenduaren 9an egin zen, aurrerantzean Potxoloren izena eramango duen euskal etxeko tabernan. Gaueko 8ak aldera, maisu joanaren ikasle izandako Juan Ignacio Sáez Abarrategui eta Marianela Rimini Azarola txistularien laguntzaz, euskal etxeko dantza taldearen zuzendari den Facundo Araguz Alustizak aurreskua dantzatu zuen. Ondoren, Potxoloren emazteak, Amelia Irigoyen de Loyolak, eta arrebak, Elida Loyola de Abarrateguik, 2005ean eraikitako tabernan ipinitako plaka oroigarria desestali zuten.

[Potxoloren izena daraman plakari estalkia kentzeko unea, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean]

Jarraian jaialdi-ikuskizunaren txanda heldu zen, urte amaiera eta Euskararen Eguna elkarrekin ospatuz eta urtean zehar Euskal Etxeko ikastaro eta jardunetan parte hartzen dutenei ikasi edo praktikatutakoa jendaurrean aurkezteko aukera emanez. Patin Eskolako artista txikien txanda etorri zen lehena, Patricia Oliva irakaslea zuzendari. Aretoa euren elastiko gorri, berde eta txurien kolorez estali zuten. Ondotik, Luis María Sáez Iparragirre Saboiaren kargu dagoen Babes Pertsonal eta Taekwondo Eskolako ikasleek erakustaldia egin zuten Haritzaren Patioan.

[Patin taldea astero aritzen da errepikak edo entsaioak egiten Euskal Etxean eta bere kideak egiten dakitena erakutsi zuten, urtero ohi bezala, ikasturtearen amaiera eta Euskararen Eguna elkarrekin ospatzen dituen jaialdian]

[Patinatzaileak euren irakasle Patricia Oliva inguratzen]

[Taekwondo aurkezpena. Luis María Sáez Iparragirrek gidatzen du talde eta diziplina hau Euskal Etxeak bere baitan babesten dituen jardueren artean]

Gazteak erabateko protagonista

Azkenik, dantzarien txanda ere heldu zen eta gazte eta txikien taldeak aritu ziren. Euren irakasle diren Marianela Rimini Azarola eta Miguel García Bernaus-ek lagunduta, txikiek, ikasitako euskara hasimasiak ere erabili zituzten eta euskal kultura klaseetan larunbatero egindako marrazkiak ere ikusgai izan ziren.

[Dantzari txikien taldea, tartean Miguel García Bernaus irakaslea]

[Ugarritzak-eko dantzari gazteen taldea]

[Ugarritzak maskarada zuberotarreko pausoak dantzatzen]

Aurkezpenekin bukatzeko, Ugarritzak-eko gazteak agertu ziren, ohi bezain alai eta koloretsu, txistulariak eta atabaldariekin batera. Arku Mistoak eta Maskarada zuberotarra dantzatu zituzten, besteak beste. Honelaxe bukatu zen Euskaldunak Denak Bat-ek igarotako beste urte honi agur esan eta hastear dagoen 2008ari betiko irrikaz ateak zabaltzeko jaialdi eta ekitaldia.


Lotura interesgarriak

Olga Aurtenechea, euskal margoek marraztu artista arrecifestarra
2007ko azaroaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

Arrecifeseko Maral taldeak irabazi du Eusko Cantat
2007ko azaroaren 14ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskaldunak Denak Bat-eko txikiak loreak banatzen
2007ko urriaren 5ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Agur, aita, Juan Agotegaray-k Potxolori idatzia (gazt.)
2007ko maiatzaren 15ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia