euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak D. F. Sarmientoren liburuetan, San Juango III. Liburu Azokan eta Eusko Etxearen eskutik

2011/10/14

Paulo Landa euskal etxeko lehendakariordea “Sarmiento Legislador” liburutegiko liburuzainarekin euskal standean
Paulo Landa euskal etxeko lehendakariordea “Sarmiento Legislador” liburutegiko liburuzainarekin euskal standean

PUBLIZITATEA

Irailaren 27tik urriaren 2ra luzatu da Argentinako San Juan probintzian Kultura Herrikoiaren eta Liburuaren III. Azoka. 'Sarmientoren jaiotegunaren bigarren mendeurrenean, integrazio eta aniztasun-heziketaren alde' lelopean, eskolak, artistak, liburutegiak eta probintziako erakunde ugari bildu ziren kultura zabaltzeko helburua duen ekitaldi honetan. Eusko Etxea-ko Pio Baroja liburutegiak ordezkaturik, San Juango euskaldunek ere hartu zuten parte Trinidad Klubean burutu zen elkarretaratzean. Euskal etxeko arduradunek "Sarmientoren begirada euskaldunak buruan" izeneko erakusketa muntatu zuten euskal standean.

San Juan, Argentina. Oihartzun handia izan du probintzia osoan Kultura Herrikoiaren eta Liburuaren III. Azokaren hirugarren edizioak. Ikuskizuna, politika eta hezkuntza arloetako ordezkari, berrehun stand eta ehunka bisitariek berretsi zuten aurten ere kultur ekitaldi honen garrantzia. Domingo Faustino Sarmientoren jaiotegunaren bigarren mendeurrenean, Sarmiento bera izan da 2011ko Azokaren gaia eta San Juango gizatalde euskaldunak ekarpen esanguratsua egin zuen bere standean. Eusko Etxea euskal etxeak eta Pio Baroja liburutegiak maisu sanjuandarrak euskaldunekin izan zituen loturak erakutsi zituzten.

San Juango Kultur eta Liburu azoka 2011 01

[San Juango Eusko Etxea-ko lehendakari ohi Ofelia Larrea San Juango Legislaturako liburutegiko kideekin]

“'Sarmientoren begirada euskaldunak buruan' erakusketa, Amerika, Europa eta Afrikan zehar egindako bidaiak (Viajes por América, Europa y África) 1876ko lanetatik ateratako aipuek osatuta dago”, azaldu diote EuskalKultura.com-i Eusko Etxea-ko arduradunek.

“Bere testuetan euskaldunei buruzko deskribapen asko irakur daitezke; gogoan izan behar da berak 'bizkaitarrak' deitzen ziela euskaldunei. Beste alde batetik, Sarmientoren amak, amaren aldetik, abizen euskalduna zuen, Paula Albarracin Irarrazabal, hain zuzen, gaztelaniaratuta, Irrazabal. Eta horretaz ere ikertu izan dugu”, adierazi digute Pio Baroja liburutegitik.

Standean bertan, argazkiak eta Euskal Herriko ikurrak ere ikusi ahal izan zituzten bisitariek. Jende mordoa hurbildu zen kulturgunera euskaldunen proposamenak ekarrita, tartean, probintziako eskola askotako ikasle eta irakasleak. Zorionak, beraz, antolatzaileei!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia