euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskalduna argentinar literatur klubak Barandiaranen 'Euskal Mitologia' banatuko du martxoan

2009/02/25

Jose Miguel Barandiaran, euskal etnografo eta arkeologoa
Jose Miguel Barandiaran, euskal etnografo eta arkeologoa

PUBLIZITATEA

[OHARRA 2009/02/26: azkenean badirudi lehenik Irigoienen Babilonia banatuko dela, martxoan, eta apirilean Barandiaranen Euskal Mitologia, Euskaldunatik jakin arazi zaigunez] Euskalduna klubak martxa onean darrai bazkide berriak biltzen, Argentinako irakurleei euskal literatura era erraz eta jarraian helarazteko helburua duen ekimen honetan. Harpidetzeko epea irekita dago oraindik, baina Euskalduna abian jarri da jada eta datozen hilabeteetan banatuko dituzten liburuen berri eman dute: martxoan Jose Miguel Barandiaran etnografoaren lan klasiko batekin hasiko dira, 'Mitología vasca' (Euskal Mitologia) liburuarekin. Hurrengoak Joan Mari Irigoienen 'Babilonia' elaberria eta Xabier Peñalverren 'Orígenes', euskal aurrehistoriari buruzko lanak izango dira.

Buenos Aires, Argentina. Euskalduna abian da jada eta datorren hilean bere bazkideen etxeetara helduko da Jose Miguel Barandiaran etnografoaren 'Mitología Vasca' lanarekin. Euskal kulturaren erreferente handietako bat izaki, Barandiaran euskal antropologia, etnografia eta arkeologiako sustatzaile nagusienetako izan zen. Liburu honen bitartez irakurleek Euskal Herriko sinismen, usadio, kondaira eta pertsonaia mitologikoak ezagutu ahal izango dituzte. Era berean, Euskaldunak datozen hilabeteetako argitalpenak zeintzuk izango diren iragarri du: apirilean Joan Mari Irigoienen 'Babilonia' elaberria banatuko dute, eta maiatzean Xabier Peñalverren 'Orígenes'.

Bestalde, Euskalduna apirilean bazkideei helduko zaien aldizkarian lanean ari da jada. Lehen ale honetarako egungo euskal literaturaren puntako bi egile bilduko dituzte: Harkaitz Cano eta Unai Elorriaga, idazle gazteen ikuspegiari buruz hitzegiteko prest. Era berean, aipatu beharra dago  Argentina-Euskal Herria konekxioa bizi bizirik dagoela klub honetan eta Euskaldunak Euskal Herriko idazle, historialari, editore eta kritikoen komite bat duela argitaratzen diren liburuak aukeratzen laguntzeko.

Pertsona hauek doan egiten dute lan ekimen honetarako, euskal kultura eta Diasporarekiko engaiamenduak bultzatuta. Momentuz, komite hori osatzen dutenetako batzuk hauek dira:  Edorta Jiménez, Gotzon Barandiarán, Xabier Mendiguren, Eider Rodriguez eta Urtzi Urrutikoetxea idazleak, Jon Kortazar ikerlari eta literatur kritikoa, Fito Rodríguez idazlea (Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria) eta Jose Mari Esparza, idazle, historialari eta Txalaparta argitaletxeko editorea.

Bazkideentzako eskaintzak

Azkenik, Euskaldunak bazkideak eskuratzeko kanpainaren barruan bazkide berri bat aurkezten duen harpidetu bakoitzari 20 pesotako oparia egingo dio apirileko katalogoko liburu eta diskoak erosteko. Opari hau metagarria da eta apiriletik ekainera indarrean izango da: zenbat eta bazkide berri gehiago aurkeztu orduan eta opari mardulagoa!

Ekimenean parte hartu eta harpidetu nahi izanez gero, deitu Buenos Aireseko 4382 1700 eta 156222548 telefonoetara, edo bidali e-maila  euskalduna@gure-liburuak.com helbidera edo euskalduna.argentina@gmail.com helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia