euskal diaspora eta kultura
2008/12/10
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. “Oso zaila eta garestia da gaur egun Argentinan Euskal Herriko argitaletxe eta diskoetxe nagusien materiala lortzea. Baina egoera hori alda daiteke euskal elkarte handi bat sortuta; elkarlanean, trukean eta elkarren laguntzan oinarritzen den elkarte bat sortuta”, azaltzen du Argentinako Euskalduna Irakurle Klubaren arduradunetakoa den Diego Gonzalezek. "Euskalduna elkartearen bidez. Irakurle Klubeko kideek euskal liburuak, diskoak eta beste hainbat material jaso ahal izango dituzte etxean bertan, era erraz eta merkean”.
Zer da Euskalduna?
Euskalduna Argentinan garatuko den euskal gaiei buruzko Irakurle Kluba da. Elkarte horren kideek Euskal Herriko proposamen kulturalak, gai ezberdinetako liburuak eta diskoak jasoko dituzte etxean hilabetean behin. Tradizio handiko pentsalariek eta literatura adituek, irakasleek eta kultur eragileek osatutako batzorde batek irakur materiala gomendatuko du. Besteak beste, Edorta Jiménez, Gotzon Barandiaran, Xabier Mendiguren, Jose Mari Esparza, Iñaki Egaña eta Jon Kortazar daude batzorde horretan. Argentinako euskal komunitateko ordezkari batzuek ere osatzen dute: Teresa de Zavaleta Historia irakaslea eta Euskaltzaleak-eko lehendakariak, Mariana Fernández Castelli Historia irakaslea eta Eusko Kultur Etxea-ko kideak eta Eusketxeko Irene Lopez de Vicuñak, besteak beste. Horretaz gain, Asel Luzarraga, egun Buenos Airesen dagoen idazle euskalduna ere lgogor ari da lanean batzorde honetan, ekimenetik argitzen dutenez.
Elkarteko kide izateko, 40 pesoko hileko kuota ordaindu beharko da. Horrekin, liburua jasoko du kideak eta baita aldizkari kulturala ere, eta beherapenak izango ditu hautazko material guztietan ere. “Elkarte hau sortzeko", jakinarazten du Gonzalezek, "euskal kulturarekin lotura duten pertsonen nahiz erakundeen engaiamendua behar dugu. Kontuan izan behar dugu irabazi-asmorik gabeko elkartea dela hau. Gure erronka da gutxienez 500 kide lortzea da eta 3 milioi euskaldun bizi diren herrialde batean posible dela uste dut. Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko zubi bat eraikiko dugu, orain arte existitzen ez zen zubi kultural eta anitza”.
Opariak abenduaren 31aren aurretik izena-ematen dutenentzat
Argitaratuko diren liburuen artean, euskal narratiba, Euskal Herriko historiari eta hizkuntzari buruzko liburuak egongo dira. Horrez gain, eta interes guztiei erreparatuz, entseguak, biografiak, entziklopediak, umeentzako eta euskarazko liburuak, hiztegiak eta diskoak ere zabalduko dira.
Euskalduna Klubean harpidetzeko euskalduna.argentina@gmail.com edo euskalduna@gure-liburuak.com helbideetara datu hauek bidali behar dira: izen-abizenak, helbide postala, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta jaiotze data. Beste aukera, 011-4362 9209 telefono zenbakira deitzea da. Euskaldunako arduradunek jakinarazten dutenez abenduaren 31a baino lehenago harpidetza egiten dutenek liburu bat jasoko dute oparitan. Kide egin diren guztiek kuota ordaintzeari buruzko informazio guztia otsailean jasoko dute.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus