euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldun eta kubatar anitz bildu zen Habanan Aberri Egunaren ospakizun ekitaldian

2013/04/05

150 lagun bildu ziren Habanako Aberri Eguneko bazkarira (argazkia Jose Goitia)
150 lagun bildu ziren Habanako Aberri Eguneko bazkarira (argazkia Jose Goitia)

PUBLIZITATEA

Kubako euskal ondorengoentzat egun garrantzitsua da Aberri Eguna eta, aurtengoa, bederatzigarrena, Euskal Etxerik ezean “Casa de la Amistad” ICAPen egoitzan (Instituto Cubano de la Amistad con los Pueblos) ospatu zen. Talde jatorra bildu zen joan den igandean Habanako Vedado auzoan: euskaldunen ondorengoak, Kuban bizi diren hainbat euskaldun eta Euskal Herritik urrun egon arren Aberri Eguna ospatu nahi izan zuen turistaren bat edo beste. Eguzkia ere gonbidapenik gabe baina azaldu zen ospakizunera eta jendeak, kiskali aurretik, ekitaldia itzaletik ikustea aukeratu zuen.

Maider Varela/Habana, Kuba. Aurreskua dantzatuz eman zitzaion hasiera Aberri Egunari goizeko 12:00etan. Ekitaldiaren aurkezleak egunaren garrantziari buruzko hausnarketarekin hasi zuen ospakizuna: "Herri handiak ardura handirik gabe bizi daitezke, estatuek babestutako kultura handiekin. Baina gurea bezalako herri txikietan ez dago ezer segururik. Estaturik gabe, jendeak hartu behar du bere gain herriaren ardura eta hala da euskaldun bakoitzaren eskuetan dagoela euskararen eta Euskal Herri osoaren etorkizuna", esan zuen.

Ondoren Renato Garcia Eguskizak, Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia elkarteko lehendakariak, Aberri Eguna ospatzeak duen garrantzia nabarmendu zuen, baita euskal historia eta kulturaren ezagutza sustatzen dituzten jarduerak antolatzearen garrantzia ere. Lehendakariaren esanetan, igandekoa urte osorako aurreikusitako jardueretako lehendabizikoa besterik ez da. Gerora begira ere, historia eta euskal kultura berreskuratzeko eta zabaltzeko lanetan jarraitu nahi du elkarteak.

Habana Aberri Eguna 2013 Renato G Eguskiza

[Renato Garcia Eguskiza, Vasco-Navarra elkarteko presidentea, Aberri Eguneko ekitaldia hizlari (argazkia Jose Goitia)]

Kontzertuak eta beste

Goizez eta arratsaldez aritu ziren egoitzan bildutakoak, 12:00etatik 20:00ak bitartean. Iaz bezala, Duo Jade talde kubatarrak alaitu zuen festa; ondoren, Adria Perez Arangurenek habanera bat abestu zuen. Euskal Herritik etorritako bertsolari bat ere izan zen, Beñat Gaztelumendi, Kubako Emiliano Sardiñas eta Albertico Rojas repentistak lagun zituela.

Bestalde, Daniel Chavarria idazlea omendu zuten. Aberri Egunaren oroigarri bat eta txapela oparitu zioten Euskal Herriaren lagun handia den Uruguai eta Kubako Literatura Sariari.

Habana Aberri Eguna 2013 Chavarria

[Daniel Chavarria idazleari omenaldia egin zioten Habanako euskaldunek (argazkia JoseGoitia)]

Ekitaldi kulturalaren ondoren, bazkari herrikoia egin zen, 150 bat lagun partaide. Bazkalostean, Euskal Herrian zehar "bidaiatzeko" aukera eman zitzaien Habanan bildutakoei, Xabier Artolaren argazki erakusketarekin eta zenbait bideoen bidez. Arratsaldean musika izan zen protagonista: Adrian Berazain eta Ray Fernández "nueva trova" mugimenduko taldeek jo zuten, besteak beste.

Habana Aberri Eguna 2013 Xabier Artola Erakusketa

[Xabier Artolaren argazki erakusketa prestatzen (argazkia JoseGoitia)]

Aberri Egunari amaiera emateko erromeria antolatu zen eta amaitu aurretik bederatzigarren Aberri Egunaren oroimen gisa familia argazkia egin zen bertara bildutako lagun guztiekin (ikus goian).

Vasco-Navarran belaunaldi berria

Asociación Vasco Navarra-ko lehendakaritza 2012an aldatu zen eta hurrengo belaunaldiak hartu du txanda, euskaldunen bilobek, hain zuzen ere. Lagun eta ideiak berriak, Habanan orain dela urtebete eskaintzen diren euskara klaseetan gauzatzen dira. Euskara klaseak astean behin ematen dituzte, irakasle boluntario batekin eta Kubako euskal enpresari batzuk eskainitako finantziamenduari esker. Errekurtsorik gabe, baina borondate onez, egunez egun hobetzeko helburua dute. 

Euskara klaseez gain, kubatarrentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat hitzaldi ere antolatzea aurreikusten dute antolatzaileek; helburua, Kuban Euskal Herriari buruzko ezagutza hobetzea.

Mus txapelketa

Bestalde, ohi bezala, Aberri Egunaren atarian, larunbatean, Atlhetic-Kuba elkarteak mus txapelketa antolatu zuen. Euskaldun eta kubatarren arteko lehia honen bosgarren aldia da aurtengoa; oraingoan, sei bikotek parte hartu zuten. Aurten txapelaren irabazleak Matxita eta Feliz Sarasola izan dira eta partehartzaile guztientzat diplomak banatu ziren. Gauean, berriz, afaria antolatu zuten, berrogei lagun bertaraturik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia