euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Zinemaldia eta Alemaniako Igo Euskarazko Literatura Saria abiatu ditu Frankfurteko irakurletzak

2013/06/11

Frankfurteko Goethe Unibertsitatea (argazkia MBabiano)
Frankfurteko Goethe Unibertsitatea (argazkia MBabiano)

PUBLIZITATEA

Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak makina bat jarduera egin ditu ikasturtean zehar. Egindako lanari amaiera biribila emateko beste bi ekimen abiatu ditu lektoretzak: batetik, dagoeneko martxan dagoen euskal zinema emanaldia; eta, bestetik, Alemanian egin den lehendabiziko Euskarazko Literatura lehiaketa. Herrialde honetan bizi diren euskera ikasleek parte har dezakete; lanak bidaltzeko epea ekainaren 28an amaituko da.

Frankfurt, Alemania. Alemaniako aurreneko Euskarazko Literatura Lehiaketa abian da, Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Euskara irakurletzak antolatuta. Liburuaren Nazioarteko Egunaren eta Gernikaren Bonbardaketaren urteurrena direla eta, Mikel Babiano irakurleak lehiaketa hau antolatu du, ikasturteari amaiera ederra emateko asmoz.

Lehiaketan parte hartzeko beharrezkoa da Alemanian bizitzea eta euskara ikasle izatea; nahiz eta ez da ezinbestean unibertsitatean matrikulatuta egon behar. Ez dago adin mugarik eta prosa zein poesia kategoriatan aurkeztu daitezke.

Bi gai nagusi hauetan oinarritu behar dira testuak: Gernika gaur egun edo gai librea. Azken horren baitan uler daitezke, esaterako, proposamen hauek: euskaldunak, euskal kultura Alemanian edota egun bat Euskal Herrian.

Lanak (egilearen izen-abizen eta bizitokia dutela) 2013ko ekainaren 28ra arte bidal daitezke, PDF edo word dokumentu gisa. Lanak bidaltzeko eta argibide gehiagorako honako helbidera idatzi: babiano@em.uni-frankfurt.de.

Euskal Zinemaldia

Bestalde, abian da, jada, irakurletzak Frankfurten antolatu duen Euskal Zinemaldia. Astelehenero egingo dira emanaldiak, hila amaitu arte. Datorren astelehenean, ekainaren 17an, Alberto J. Gorritiberea zuzendariaren “Arriya” lana izango da ikusgai eta ekainaren 24ean Pabo Berger bilbotarraren ”Torremolinos 73″ filmak itxiko du saila.

Aurretik ikusgai izan dira Jon Garaño eta Joxe Mari Goenagaren “80 egunean” eta Enrique Urbizuren “No habrá paz para los malvados". Zinemaldia Etxepare Euskal Institutuko irakurletzak eta hiriko Cervantes Institutuak elkarlanean antolatu dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia