Montreal, Québec. Euskal Zine Zikloa irailaren 9an hasi eta 24ra arte luzatuko da Montrealen. Bi aste hauetan hamabi euskal film proiektatuko dira Quebec probintziako hiri nagusian; gehienak azken hamarkadako ekoizpenak dira,, gaztelaniaz zein euskaraz errodatu edo bikoiztuak. Ekimena Euskadiko Filmategiak eta Cinémathèque Quebecois-ek antolatu dute eta martxoaren 24an Tabakaleran (Donostian) aurkeztu zen ‘Saison Québec-Pays Basque’ programa barruan garatzen da.
Joan den astean ikusi ahal izan ziren Telmo Esnalen Dantza (2018); Roberto Caston-en Ander (2009); Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak (2016); eta Asier Altunaren Amama (2015). Datorren astean, berriz, hauek dira Cinémathèque Quebecois guneko aretoan proiektatuko diren euskal izenburuak:
-Gaur, irailak 13, gaueko 9etan: Koldo Almandozen Oreina (2018)
-Irailak 15, gaueko 9etan: Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia (2017)
-Irailak 17, gaueko 9etan: Imanol Rayoren Hil kanpaiak (2020)
-Irailak 18, gaueko 9etan: Mireia Gabilondoren Erlauntza (2020)
-Irailak 19, arratsaldeko 6:30etan: Fermin Muguruzaren Black is Beltza (2018)
-Irailak 20, arratsaldeko 6:30etan: Lara Izagirreren Un otoño sin Berlín (2015)
-Irailak 21, gaueko 9etan: Julio Médemen Vacas (1992)
-Irailak 24, gaueko 9etan: Montxo Armendárizen Tasio (1984)
Gogora dezagun Montrealen garatzen ari den Euskal Zinema Ziklo hau itzulera moduko zerbait dela, apirilean Donostia eta Bilbon antzeko ekimen bat egin baitzen zinema quebectarraz.
Etxepare Euskal Institutuak azaltzen duen legez, “‘Saison Québec-Pays Basque’ Quebeceko eta Euskadiko hiri nagusietan garatuko den programa kultural eta artistikoa da, eta joan-etorriko izaera dauka. Euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea da helburua eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea jomuga”. Programaren bultzatzaileak Etxepare Euskal Institutua eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioa dira.