euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Zinema San Miguelen: bihar hasiko da hirugarren urtez Ziklo Ibiltaria, Askatasunaren Bidea elkartearen eskutik

2015/04/10

Askatasunaren Bidea elkartearen blogaren azala
Askatasunaren Bidea elkartearen blogaren azala

PUBLIZITATEA

2015eko Euskal Zine Zikloaren lehenengo emanaldian “Zortzi euskal abizen” proiektatuko dute Buenos Aires probintzia argentinarreko hiri honetako Domingo F. Sarmiento Herri Liburutegian, Askatasunaren Bidea antolatzaile. Hitzordua bihar da, apirilaren 11an, arratsaldeko 6:30etan. Buenos Aires Handiko euskal elkarte honek hilabete honetan ber abiatuko duela baita ere Euskara Tailerra adierazi du. 

San Miguel, Argentina. "Euskal Herriko adierazpen kulturalak zabaltzen jarraitzeko", euskal zinema eskainiko die aurten ere bere inguruko herritarrei San Miguelgo Askatasunaren Bidea elkarteak. Ziklo ibiltaria Carlos Gabilondo zine-zalearen ardurapean egongo da eta hiriko Domingo F. Sarmiento Liburutegian garatuko da, sarrera libre eta doan.

Aurtengo lehenengo emanaldiari dagokionez, bihar izango da –apirilaren 11an– arratsaldeko 6:30etan, aukeratutako filma, “Zortzi euskal abizen”. Aipagarria da pelikula oraindik ez dela Argentinako merkatal zirkuituan estreinatu eta momentuz euskal etxe batzuen aldetik baino ez dela erakutsi.

San Miguelgo Sarmiento Liburutegia Sarmiento kaleko 1503. zenbakian dago.

Euskara Tailerra

Euskal Herriko hizkuntzarekiko engaiamendua ere bere ezaugarritzat dauka Askatasunaren Bideak eta horren adierazgarri, urtero komunitateari eskaintzen dioten  Euskara eta Euskal Kulturari buruzko tailerra. Elkarretaratze hauek hilabete bakoitzeko azken ostiralean izango dira ikasturte berrian, arratsaldeko 4etatik 6etara, Sarmiento Liburutegian. Mariana Fernandez Castelli irakasle, ikastaroa apirilaren 24an hasiko da.

Ekintza hauetaz aparte, ahalegin handia egiten dute sanmigueldarrek euren bloga maiz eguneratuta egon dadin. Hainbat laguntzailek idazten dute bertan, Euskal Herriko data berezi, ospakizun eta gertaera garrantzitsuei buruz. Bere kide, lagun eta interesdunekin oro komunikazioari eusteko, Facebook kontu bat ere badu taldeak Askatasunaren Bidea izenpean.

Datozen hilabeteei begira, Kortsarioei eta Loiolako Santutegiari buruzko hitzaldiak emango dituzte Emilio de Candidok eta Ana Maria Palavecinok, hurrenez hurren. Elkartearen urteurrena ere ospatuko dute ekainaren 21ean eta Udalak antolatutako “Liburuen Gaua” ekitaldian ere partaide izango dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia