euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal zinema iruzkinak: '20.000 especies de abejas' Primeran, nola ikusi hau eta beste euskal titulu batzuk Diasporatik

2024/03/07

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Aste batzuk baino ez dira pasa Goya Sarien 38. ediziotik eta iaz bezala aurten ere izan zuen euskal zinemak merezitako errekonozimendurik. Sei Goya Sari jaso zituzten euskal jatorriko artistek, tartean Estibaliz Urresola Solaguren zuzendaria arabarrak, ‘20.000 especies de abejas’ bere pelikulagatik. Filma joan den urtean estreinatu zen baina iritsi berria da Primeran plataformara eta hilabete batean 50.000 ikustalditik gora izan ditu.

Muga batzuk gainditzen dituen pelikula da: muga geografikoak, Hegoaldean eta Iparraldean baitago kokatuta; hizkuntzaren mugak, euskara, gaztelania eta frantsesa biltzen baititu; eta generoarenak, haurtzaro trans-a hartzen duelako gai nagusi. Bi sari ere jaso zituen: jatorrizko gidoi onenarena eta antzeztaldeko emakumezko akto're onenarena.

'20.000' Argentinan eta online Primeran-en

20.000 especies de abejas’ Argentinako euskal etxeetara ere iritsiko da laster, Carlos Gabilondo buru duen Euskal Zinema Ibiltariaren eskutik. Datozen emanaldiak, ostegun honetan bertan, martxoaren 7an, Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxean eta martxoaren 14an, La Platako Euzko Etxean (eguneratua: La Platako emanaldia geroratu egin da Euzko Etxeak izandako suteagatik).

Primeran plataforma, euskal eta euskarazko edukien streaming zerbitzurik handiena da eta pelikulak, dokumentalak, telesaioak eta kontzertuak ditu ikusgai doan. Edukiak jatorriz euskarazkoak dira edo euskaratuta daude eta kasu askotan euskarazko azpitituluak ere dakartzate.

‘Karpeta urdinak', torturaren inguruko dokumentala

‘Karpeta urdinak’ du izena Ander Iriarte oiartzuarrak zuzendutako lanak eta ikusgai dago, doan, Youtuben. 2022an Donostiako Zinemaldian estreinatutako 'Karpeta urdinak'-ek Euskal Herrian azken hamarkadetan torturaren inguruan egindako ikerketan sakontzen du, 4.000 kasu baino gehiago dokumentatuta.

Dokumentalak zuzendariaren aita den eta gaztetan atxilotu eta torturatua izan zen Joxe Iriarteren testigantza ere badakar. Dokumentala euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago; bakoitza dagokion estekan ikus daiteke.

‘Los XEY’ Buenos Airesen

Gaur ostegunean bertan, martxoaren 7an, estreinatuko dute Buenos Aires hiriburuan “Los XEY, una historia de película” dokumentala. 1940ko hamarkadaren hasieran Donostian sortutako Los Xey taldeak, arrakasta itzela lortu zuen Euskal Herrian eta estatu espainiarrean ez ezik, Argentinan, Mexikon, Kuban eta Estatu Batuetan ere.

Dokumentalean arrakasta honek lekuko izan ziren musika adituen eta diasporako erreferenteen testigantzak biltzen ditu, tartean Buenos Airesko euskal gizataldean ibilbidea luzea duen Mikel Ezkerrorena.


“Los XEY, una historia de película” dokumentalaren trailerra

Besteak beste 'La vaca lechera' abestiaren sortzailea izan zen taldearen historia gehiago ezagutu nahi duenarentzat astebetez Buenos Aireseko Gaumont zineman egongo da ikusgai ostegun honetatik, martxoaren 7tik, aurrera. Zinema, Rivadavia etorbideko 1635. zenbakian dago. Emanaldien ordutegiak link honetan adierazten dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia