New York, AEB. New Yorken euskal zinema maite dutenek aukera berezi bat izango dute gure zinemagintzako azken titulu esanguratsuenetako batzuk hiriko pantailetan ikusteko urriaren 25etik 27ra egingo baita Sagar Handian NYC Basque Film Festival-en bigarren edizioa. Village East by Angelika aretoa eta CUNY Graduate Center delakoa izango dira euskal kultura, bere azken zinema tituluak medio, hurbilagotik ezagutu naho dituztenen biltoki, tartean, jakina hiriko euskal etxe eta komunitateko lagunak.
Hiru izango dira NYC Basque Film Festival-en en edizio berriak eskainiko dituen izenburuak: Estibaliz Urresolaren "20.000 especies de abejas", Alauda Ruiz de Azuaren "Cinco lobitos" eta Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiaren "Arnasa Betean: emakume zinegileak" dokumentala. Hirurak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, ingelesezko azpitituluekin. Sarbide librea eta doakoa izango da kasu guztietan.
New Yorken arrakastaz garatzen den proposamen honen antolaketan hiru dira erakunde partaideak: Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza, Etxepare Euskal Institutua eta CUNY Graduate Center, azken hau bere Kultura Latinoamerikar, Iberiar eta Latinoen Departamentuaren bidez, beti ere helburua euskal jatorriko film berriak aurkeztea hiriko publiko zinemazaleari.
NYC BASQUE FILM FESTIVAL 2023ko PROGRAMA
Urriaren 25ean, asteazkena, 18:30etan (GMT-4):
"20.000 Especies de Abejas"
Non: Village East by Angelika
Urriaren 26an, osteguna, 18:30etan (GMT-4):
"Cinco lobitos"
Non: Village East by Angelika
Urriaren 27an, ostirala, 17:30etan (GMT-4):
"Arnasa Betean: emakume zinegileak"
Non: CUNY Graduate Center
- Aurretik behar da erreserbatu, esteka hau erabiliz