euskal diaspora eta kultura
2011/03/23
PUBLIZITATEA
Nantes, Frantzia. Nanteseko Espainiar Zinemaldiaren 21. edizioak toki berezia emango dio aurten ere euskal zinemari, La Fenêtre Basque edo 'Euskal Lehioa' sailaren bidez. Zinemaldiak hamarkada bat darama jada Euskal Herrian edo euskal zuzendariek eginiko lanei sail berezi hau eskaintzen. Aipagarria da iaz arte Nantesko Zinemaldiaren zuzendaria zen Joxean Fernandez orain Euskadiko Filmategiko burua dela.
Aurtengo edizioan euskaldunek eginiko bi filme sail ofizialean lehiatuko dira 'Junes Verne' saria lortzeko: 'Balada triste de trompeta', Álex de la Iglesia bilbotarrarena, eta 'No controles', Borja Cobeaga donostiarraren bigarren luzemetraia. Hauez gain, beste euskal izenburu batzuk ere ariko dira lehian: '80 egunean', Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok zuzendua, Fundación Borau-Opera Prima sariagatik; eta Txaber Larreategi eta Josu Martínezek zuzendu duten 'Debekatuta dago oroitzea', dokumentalen sailean.
Lau labur Erasmus sariaren bila
Ikusleek ematen duten Erasmus sariaren lehian lau euskal laburmetraia ikusi ahal izango dira: 'Ámár' (Isabel Herguera zuzendari); 'Artalde' (Asier Altunarena); 'Daisy cutter' (Enrique García eta Rubén Salazar); 'La gran carrera' (Kote Camacho) eta 'El premio' (Elías León Siminiani). Azkenik, Euskal Lehioan ikusgai izango dira ere 'La Plaza de la Música', Juan Miguel Gutiérrezek zuzenduriko filma, eta Oskar Santosen 'El mal ajeno'.
Euskaldunek jaialdian izango duten protagonismoa biribilduz Mikel Olaziregi, Donostiako Zinemaldiko zuzendari ohia, Epaimahaiaren buru izango da eta epaimahaikideen artean Pascal Gaigne euskal musikagilea izango dugu. Nantesen izango da ere Imanol Uribe zuzendaria, 'Ciudadano Negrín' filma aurkezteko.
Jaialdiak Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntza du, Euskal Lehioa saila antolatu zen lehen urtez geroztik
-Egitaraua eta emanaldien ordutegia Nantesko Zinemaldiaren webgunean
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus