Buenos Aires, Argentina. Bere 10. urteurrenera iritsiko da aurten Argentinako ‘Euskal Zinema Ibiltaria’ proiektua --euskal filmak eskaintzen ditu hala eskatzen duten herrialde osoko euskal etxeetan-- eta programako sortzaile Carlos Gabilondok era polit batean ospatu nahi du: hamar urte hauetan euskal zinema emanez bisitatu dituen euskal etxe guztietara bueltatuz. Zeure euskal etxean euskal zinemako izenburu zahar edo berriren bat eman nahi baduzu, jarri lehenbailehen harremanetan berarekin urte osoko egitaraua prestatzen ari baita.
Gabilondok berak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, euskal etxe batzuekin itxita dauzka dagoeneko datak. Esaterako, Saladilloko Itxaropen-en martxoaren 20an egingo du emanaldia eta La Platako Euzko Etxean, proiektatuko dituen bost pelikuletako lehenengoa apirilaren lehenengo astean izango da. “Gainerako euskal etxeetan bisitak konfirmatuta daude baina oraindik ez dugu data zehaztu. Horretan ari gara, esaterako, San Miguel, Chivilcoy, San Martín de los Andes, Cipolletti-Neuquen (Baskos de la Confluencia), Chacabuco eta Arrecifeseko euskal etxeekin”.
Leku ezagunetara itzultzeaz gain, Gabilongok zabalik dauzka ateak zerrendara erakunde eta herri berriak gehitzeko; hala egin du adibidez, Rio Negro probintziako Cinco Saltos herrian, aurrenekoz bisitatuko baitu, bertako Genero Idazkaritzarekin batera antolatutako emanaldi batean parte hartzera.
Euskaltzaleak, proiektuaren sorlekua
Hamarkada honetan zehar hainbat lekutara iritsi arren ‘Euskal Zine Ibiltaria’ren lehenengo saioak Buenos Airesko Euskaltzaleak-en eman zituen. “Bertan, pelikulak emateko aretotxo bat ez ezik, berritzaile suertatu den proiektu hau aurrera eramatera animatu ninduten hainbat lagun ere aurkitu nituen”, adierazi digu Gabilondok.
Karia horretara, berezia izango da Euskaltzaleak-en egingo duen urteurren egitaraua. Hamar film aurkeztuko ditu –gehienak estreinuak–, martxoan hasita, hilabetean behin, abendura arte. “Omenaldi txiki bat ere egin nahi diet hainbatetan lagundu didaten Zuzendaritza Batzordekoei”, iragarri digu zinemazaleak.