Buenos Aires, Argentina. Badirudi osasun baldintzak normaltasunerako bidea hartu nahian ari direla, eta euskal etxe askotan ekimenak euren aurreko erritmo eta erara itzul daitezkeela pixkanaka-pixkanaka. Carlos Gabilondok Argentinako euskal etxeetan duela hamar urte baino gehiago daraman Euskal Zinema Ibiltaria Zikloak ere presentzialtasunera itzultzea dauka gogoan. COVID-19arekin, osasun-egoerak ekarritako mugetara egokitu zen, urte eta erdi baino gehiagoz topaketa birtualak eginez, eta orain ere aldaketa prestatzen ari da, egoera berrira moldatu eta berregokitzeko.
Atzera begirakoa eginez, “birtualtasunarekin hastea traumatikoa izan zen niretzat", aitortu dio EuskalKultura.eus-i, "gaiari buruz nuen ezjakintasunagatik". "Chicho Abasolori eta Renzo Bustosi esker, lagundu eta irakatsi zidatelako, online topaketak egiten hasi ginen. Lehenik Kimuak-eko film laburrak izan ziren, Facebook bidez proiektatu eta komentatu genituen, programatuta zeuden datak errespetatzen saiatuz”.
Urte eta erdi honetan, film luzeak eta dokumentalak ere proiektatu izan ditu eta zenbait topaketa mota antolatu. "2020ko irailean, adibidez, Euskaltzaleak-ekin batera, zuzeneko solasaldia egin genuen Nestor Basterretxearen seme eta bilobarekin, Jonan eta Telmo Basterretxearekin, artistari omenaldia eginez", azaltzen du. Gabilondoren ustez, pandemia garai honetako beste mugarri garrantzitsu bat Martin Guridi sonidistarekin izandako topaketa izan zen.
Alde txar eta ekarpenak
Zalantzarik gabe, Gabilondok azpimarratu duenez, aurrez aurre elkartzeko ezintasunak oso defizit handia sortu izan du, baina, aldi berean, oso gauza positiboa ahalbidetuta jende askok parte hartu izana online topaketetan, aurretik fisikoki gerturatu ezin zuena, leku ezohikoetatik batzuetan, Argentina osoan barrena, eta baita beste herrialde batzuetatik ere.
2021ak Argentinan eman ez diren film berriak ekarri ditu, hala nola Aritz Morenoren "Ventajas de viajar en tren" (Trenez bidaiatzearen abantailak) (2019). Eta bereziki aipatzen du Peru Magdalena eta Peio Salaberriaren “Joseba Sarrionandia. Hemen eta han” dokumentala, Sabrina Otegui-k Etxepare Euskal Institutuko irakurletzarik posible izan duena: “Oso aberatsa izan zen; Unibertsitatean Sarriren ikaskide izandako emakume bat agertu zen Zoom bileran, eta idazlearen unibertsitate-garaiari buruzko ekarpenak egin zituen. Hunkigarria izan zen. Eta gero esan zigun Ingalaterra hegoaldetik ari zela! Online modalitateak ekarri eta ahalbidetu duenaren adierazgarri da”.
Aurrez aurreko saioen itzulera
Urtea amaitu baino lehen ustekabe polit bat jaso du Euskal Zinema Ibiltariaren bultzatzaileak: Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak aurrez aurreko lehenengo emanaldi bat antolatzeko deitu dio. Hitzordua urriaren 29an izango da eta Gabilondok 'lehenengo aldi baten' emozioa eragin diola aitortzen du. Urrats bat izango da, eta emanaldi presentzialen itzuleraren abiapuntua izatea espero du, "betiere kontuan hartuta behar diren neurriak eta edukiera errespetatuko ditugula" argiturik. Patxi Bisquerten “Tasio” proiektatuko du, “Carboneros de Navarra” (Nafarroako ikazkinak) dokumental laburra lagun. "'Tasio”ren aurrekaria izan zen eta 40 urte betetzen ari da aurten, Montxo Armendariz bera zuzendari, Esteban Elizondoren musika eta Xabi Oteroren fotografíaz", argitzen digu.
Gabilondok iragartzen du birtualtasuna ez duela guztiz alde batera utziko, "leku gehiagotako jendea agertzearen plusa" duelako, eta "euskal sortzaileekin trukeak egiteko aukera ematen duelako". Urtea amaitu aurretik, programatuta zeuzkan topaketa birtualekin segituko du. Presentzialak, berriz, leku bakoitzeko baldintza eta egoera berezien araberakoak izango dira. "Posible dela esaten didaten lekuetara joango da, tokiek horretarako baimena emanez gero, jakina". Urte amaierarako euskal etxe batzuk aurrez aurreko topaketekin hastea eskatuko diotelakoan dago, baikor.
Ikasi, moldatu eta aurrera egin. 'Beti aurrera', munduan barrena euskal etxe eta talde askok hartua duten izena.
Beti aurrera, Carlos! Aupa Euskal Zinema Ibiltaria!
Aurrera Euskal Zinema Ibiltaria!