Buenos Aires, Argentina. Batzuetan pelikula baten barruan gaudela ematen badu ere, bizi dugun pandemia-egoera benetakoa da, eragin egiten digu eta egokitzera behartzen. Euskal Zinema Ibiltariaren kasuan --Carlos Gabilondo buru duen programa honek euskal egileen filmak eskaintzen ditu Argentina osoko euskal etxeen pantailetan-- datorren ostiral honetan ekingo die 2020ko saioei, baina modu birtualean: ikus-entzunezko materiala bakoitzak bere etxean ikusiko du gero eztabaida batean parte hartzeko, sare sozialetan.
Aurten hamargarren urteurrena beteko du programak, eta Carlos Gabilondo ez zegoen prest Koronavirusak baldintza zezan, ez behintzat behar baino gehiago, eta bere jarduna egoera berrira egokitzea erabaki zuen, baita 10. urteurren hori behar bezala ospatzea; eta zer hobe hori egiteko, proiekzioei jarraipena ematea baino, agintedunek manatutako prebentzio neurriei jarraituz, jakina.
Bihar ostirala, beraz, apirilaren 17an, eta urte hasierako egitarauan adostuta zegoen moduan, aurtengo lehenengo emanaldia egingo du, Buenos Airesko Euskaltzaleak-en. ‘Topaketa birtuala’ gaueko 8:30etan hasiko da, baina hori baino lehen, Jon Garañoren On the Line film laburra ikusiko du publikoak etxean, bakoitza bere ordenadore edo dispositibotan. Filma link hauetan dago ikusgai:
-http://www.kimuak.com/es/corto/2008/on-the-line
-https://www.losmejorescortos.com/on-the-line/
-http://www.moriarti.com/es/producciones/on-the-line
Topaketa birtualean partehartzaileek laburmetraia komentatu ahal izango dute eta oro har euskal zinemari buruz hitz egin Carlos Gabilondorekin.
Hitzordua, 20:30etan, Argentinako ordua, goizaldeko 1:30etan Euskal Herrian, Euskaltzaleak-en Facebook-eko kontuan. Pintxoak, zoritxarrez oraingoan guk geuk prestatu beharko ditugu etxean, baina jakina da gure osasuna, fisiko zein izpirituala, lehentasun direla.