Venado Tuerto, Argentina. Hainbat bilera eta kultur ekintza gauzatu ondoren, Euskal Etxearen lehenengo Zuzendaritza Batzordea joan den maiatzean osatu zuen Santa Fe probintziako Venado Tuertoko ‘Euskal Lagunen Etxea’ elkarteak. Eta hori gogoan eta aurten izandako beste lorpenen alde topa egiteko, urte amaierako topa-egitea antolatu zuen Jorgelina Otegui margolaria buru duen euskal etxeak.
Jaia hiriko Juan Bautista Alberdi liburutegiaren egoitzan egin zen, bertako presidente Wilder Avendañoren lankidetzari esker, eta programak osagai izan zituen euskal zinema, arte plastikoa eta baita euskara ere. Zinemari dagokionez “Ocho apellidos vascos” proiektatu zen. Arte erakusketan, Jorgelina Otegui berak margotutako pinturak egon ziren erakusgai,
Euskararen protagonismoa Mari Icutzak eta Ana Gonzalezek prestatutako jolasekin iritsi zen eta kopa altxatzeko momentuan ‘Txapela’ euskal argentinar sagardoa lagun egin zen 'topa', urdaiazpikoa ere bertan, Daniel Ozcoidik eta Graciela Echevarríak, Maria Lujan Ilari, Dora Icutza, Rodolfo Bonomo, Javier Ilari eta Samanta Guichon del Soldatok guztia prestatuta.
Lehendakariaren esanetan, topaketa aproposa izan zen “gure guraso, aitona-amona eta arbasoekiko ditugun sentimenduak adierazteko aproposa"… horrek elkartzen gaitu eta garen euskal familia zabala bilakatzen gaitu", erantsita.
Balantze eta proiektuak
Elkartea ofizialki abiarazi eta lehenengo Zuzendaritza Batzordea osatzeaz gain, FEVAk antolatutako tailerretan eta euskara ikastaroren batean ere hartu dute parte lehenengo urte honetan bertako lagun eta bazkideek. Eta datorren urteari begira ere, badituzte hamaika proiektu, besteak beste euskal abizeneko jende gehiagorengana iristea, Gernikako Arbolaren kimu bat landatzea herrian, eta kultur proposamenekin jarraitzea, tartean, zinema, sukaldaritza, euskara, pintura, dantza tradizionalak eta herri kirolekin, batzuk aipatzearren.
“2019ko erronka handia lege egoera formalizatzea ezarri genuen, eta baita egin, bideratuta dago, talde lanari esker gainera. Batzordea osatu eta gero Sabina Alustiza eskribauaren esku dauden orain geratzen diren izapideak”, azaldu du Oteguik.
-Gogoratu euskal etxearen hastapena joan den maiatzean