euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal zinema Caracasera helduko da 'Zine Vasco' jaialdiarekin, azaroaren 3tik abenduaren 13ra

2008/10/13

Zinemaldiaren afitxa
Zinemaldiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Caracaseko lehenengo Euskal Zinemaldiak, 'Zine Vasco' jaialdiak, Euskal Herriko kultura eta gizartera lehioa irekiko du datorren azaroaren 3tik aurrera. Zinemaldiaren antolatzaileak, besteak beste, Caracaseko Euskal Etxea, Kimuak programa, Euskadiko Fimategia eta Caracaseko Cines Paseo Trasnocho Cultural, Cultura Chacao, Gran Cine eta bertako hainbat zuzendari eta zinema aditu izan dira. Emanaldietan filme, gai eta estilo ugari: Kimuakeko laburmetraiak, 'Kutsidazu Bidea Ixabel' edo 'Eutsi' filmeak, 'Rockall' dokumentala, eta Latinamerikan sortu baina euskal konexioa duten hainbat lan, adibidez Yulene Olaizola euskal mexikarraren 'Intimidades de Shakespeare y Víctor Hugo' eta Maiana Bidegain euskal uruguaiarraren 'Secretos de Lucha'.

Caracas, Venezuela. Euskal zinema ikusteko aukera paregabea izango dute datozen hilabeteetan Caracaseko euskaldunek 'Zine Vasco' jaialdiaren lehen edizioari esker. Euskara eta gaztelera nahasten ditu zinemaldiak izenburuan, bere helburua, antolatzaileek azaltzen dutenez, 'euskal kultura zeluloidearen bidez erakustea' dela argi uzteko. 

Zinemaldiaren antolakuntzan erakunde askok lagundu dute: alde batetik Caracaseko Euskal Etxea, hiri honetako Cines Paseo Trasnocho Cultural, Cultura Chacao, Gran Cine eta hainbat zuzendarik. Euskal Herritik ere izan du laguntza: Kimuak programa, Euskadiko Filmategia eta euskal produkzio etxeak. Lankidetza honi esker zinemaldiak Atlantikoaren bi  aldetako ekarpenak jasotzen ditu: euskal filmeak eta euskal gaiekin harremana duten Latinamerikar filmeak, Mexikon,  Uruguaien edo Venezuelan euskaldunen ondorengoek eginak.

Kimuek 10 urte

Zinemaldia azaroaren 3an, astelehenean, hasiko da 'Kimuak' programako laburmetraien emanaldi batekin: 'La primera vez' (Borja Cobeaga); '7:35 de la mañana' (Nacho Vigalondo); 'Tercero B' (Jose Mari Goenaga); 'El soñador' (Oskar Santos); 'Terminal' (Aitzol Aramaio); 'Choque' (Nacho Vigalondo); 'Sintonía' (Jose Mari Goenaga) eta 'Columba palumbus (uso basatia)' (Koldo Almandoz). Emanaldia  Chacao Kultur Zentroan izan go da (Av. Tamanaco, El Rosal), arratsaldeko zazpietatik aurrera.

Bigarren emanaldia azaroaren 5ean, asteazkenean izango da, 'Kutsidazu Bidea, Ixabel' filmearekin. Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek zuzendu dute Juan Martin euskaldunberriak euskara baserri batean ikasteko pasatzen dituen komeriei buruzko filma. Emanaldia arratsaldeko 8 t'erdietan Paseo Trasnocho Cultural Zinemetan (Centro Comercial Paseo Las Mercedes) izango da.

'Eutsi!' Eusko Etxean

Azaroaren 8an, larunbata, emanaldiak Caracaseko Eusko Etxean egingo dira. Arratsaldeko bost t'erdietan hasiko da jardunaldia, 'Unibertsolariak munduaren ertzaren bila'(Juanjo Elordi) animazio filmearekin. Ondoren Kimuakeko laburmetrai emanaldia izango da ikusgai: 'Hauspo soinua' (Inaz Fernandez) eta 'Lepokoa (Safy Nebbou). Egunari bukaera emanez 'Eutsi!', Alberto Jose Gorritibereak zuzenduriko filma emango dute.

Azaoaren 19ean, astelehena, akzioa Chacao Kultur Zentrora pasako da. Arratsaldeko zazpietatik aurrera Kimuakeko laburmetraia emanaldia egingo da: 'Éramos pocos' (Borja Cobeaga); 'El tren de la bruja' (Koldo Serra); 'Taxi?' (Telmo Esnal); 'No es una buena idea' (Ugo Sanz); 'Las horas muertas' (Haritz Zubillaga); 'El relevo' (David Gonzalez); 'Cuando puedas' (Kepa Sojo); 'Expreso nocturno' (Imanol Ortiz Lopez) eta 'Mirindas asesinas' (Álex de la Iglesia).

Zinea kalera!

Hurrengo emanaldia azaroaren 12an egingo da, asteazkena, Koldo Serra gazteak zuzenduriko 'Bosque de Sombras (The Backwoods)' filmearekin. Euskal Herriko basoetan grabaturiko nazioarteko ekoizpena da eta Gary Oldman aktorea da protagonista. Emanaldia 20:30tan hasiko da Paseo Trasnocho Cultural Zinematan.

Azaroaren 15ean zinea Caracaseko kaleetara aterako da,  Chacao Fundazioaren 'Arte en la Calle' programaren barruan,  Gran Cine-ren laguntzarekin. Cachaoko Bolivar plazan laburmetrai emanaldia egingo da 19:00tan: 'Leyre et Laurent' (Lander Camarero); 'La Gallina Ciega' (Isabel Herguera) eta 'Perpetuum Mobile' (Enrique Garcia eta Raquel Ajofrin). Ondoren Juanjo Elordiren 'Olentzero eta subilaren lapurreta' animazio filma izango da ikusgai.

Zineak kalean jarraituko du hurrengo egunean, igandean, laburmetrai emanaldi berri batekin Bolivar plazan: 'Ana y Manuel' (Manuel Calvo eta 'El Gran Zambini' (Igor Legarreta eta Emilio Pérez). Ondoren 'Nevando Voy' filma eskainiko dute, Maitena Muruzabal eta Candela Figueira bikote euskal argentinarrak zuzendua.

Arrantzaleak Gran Solen eta Shakespeare

Jaialdiak azaroaren 17an jarraitzen du, laburmetrai gehiagorekin: 'El pan nuestro' (Aitor Merino); '... ya no puede caminar' (Luis Alejandro Berdejo); 'Juego' (Ione Hernandez); 'Clases particulares' (Alauda Ruiz de Azua); 'De formación: profesional' (Asier Iza) eta 'Txorimaloaren begien dizdira' (Lander Camarero). Arratsaldeko zazpietatik aurrera, Chacao Kultur Zentroan.

Azaroaren 19an 'La línea recta' (Jose Maria de Orbe) filma izango dai kusgai, 20:30tan Paseo Trasnocho Cultural Zinmetan. Hurrengo hitzordua azaroaren 25ean, larunbata, izango da 'Rockall' (Juan eta Eugenio Bidegain) dokumentalarekin (17:30tan). Ondoren 'Intimidades de Shakespeare y Víctor Hugo', Yulene Olaizola euskal mexikarraren lana izango da ikusgai. Dena Caracaseko Eusko  Exean.

'Izarren azpian'

Hurrengo eguna azaroaren 26a, asteazkena, izango da eta Felix Viscarret nafarraren 'Bajo las estrellas' filmea izango da ikusgai Paseo Trasnocho Cultural zinematan (20:30). Azaroaren 20ean, aldiz,  Arkaitz Basterraren 'Agian' diokumentala eskainiko dute euskal etxean, 17:30tan. Ondoren laburmetraien txanda helduko da berriz: 'Traumatología' (Daniel Sanchez Arevalo); 'Le protecteur' (Patxi Basabe) eta 'Limoncello' (Jorge Dorado, Luis Alejandro Berdejo eta Borja Cobeaga). Eguna bukatzeko, Kepa Sojoren 'El síndrome de Svensson' filma.

Abenduaren 6ean, larunbata, euskal etxean laburmetrai emanaldi berri bat eskainiko da: 'La guerra' (Luis Alejandro Berdejo eta Jorge Dorado); 'El trabajo' (Igor Legarreta eta Emilio Pérez); 'Muerto de amor' (Ramon Barea); 'Hombre sin hombre' (Michel Gaztambide); 'Luis Soto' (Irene Arzuaga); 'Sarean' (Asier Altuna) eta 'Alumbramiento' (Víctor Erice), 17:30tan hasita. Ondoren Carlos Martin Ferreraren 'Zulo' filma emango dute.

'Secretos de lucha'

Abenduaren 12an laburmetrai gehiago izango dira ikusgai: 'La sombra' (Karlos Alastruey); 'Silencios' (Ainara Trigueros); 'Bichos raros' (Estibaliz Burgaleta eta Alegría Collantes); 'Montenegro' (Lander Camarero) eta 'Sugus y Brandy' (Ander Duque). Arratsaldeko bost t'erdietan hasita. Ondoren Segundo Cazalisen 'Los hijos de Gernika' filmea emango dute, dena Euskal Etxean.
 
Zinemaldiari bukaera emanez abenduaren 13an 'Secretos de Lucha' filmea eskainiko dute Euskal Etxean. Bertan Maiana Bidegain zuzendariak bere familiak Uruguaira egin zuen bidaia eta han sufritu zuten diktadura jasotzen ditu. Filmeak Biarritzeko jaialdian saria jaso zuen. Zinemaldia ixteko Felix Viscarret zuzendariaren hiru laburmetrai izango dira ikusgai: 'Canciones de invierno', 'Los que sueñan despierto' eta 'El álbum blanco'.

Zinemaldiari buruz informazio gehiago jaso nahi izanez gero, jo hona: http://zinevasco.blogspot.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia