Ostegun honetan abiatuko da Berlingo 3. Euskal Zinemaldia, bertako Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein euskal etxeak antolatuta. Lau egunetan bost film izango dira ikusgai: "Lasa eta Zabala", "Amaren eskuak", "Echeverriatik Etxeberriara", "Ateak zabalduz" eta amaitzeko "Loreak", Oscarretarako hautagaia. Horiez gain hil honetan hitzaldiak, proiekzioak, idazle topaketak eta irakurraldiak egingo dira Berlinen.
Berlin, Alemania. Ostegunetik igandera euskal zinemaren hiriburu bihurtuko da Berlin, euskal etxeak antolatu duen 3. Euskal Zinemaldiari esker. Saioak, urtero legez, Kino Moviemento cineman,Alemaniako zine aretorik zaharrenean, egingo dira. Lau egunean, fikziozko hiru filme eta dokumental bi izango dira ikusgai.
Hasteko, azaroaren 5ean Lasa eta Zabala filma aurkeztuko du Pablo Malo zuzendariak Berlindarren aurrean. Hilaren 6an, ostiralez, Karmele Jaiok bere obran oinarritutako Amaren eskuak filma aurkeztuko du. 2013an Mireia Gabilondok zuzendutako lana idazleak azalduko du eta ondorengo hitzaldian ikusleen galderei erantzun.
Larunbatean, azaroak 7, berriz, Ander Iriarte zuzendari gazteak bere Echevarriatik Etxeberriara dokumentala aurkeztuko du.
Igandean luzemetrai bi izango dira ikusgai. Lehenik, Juanmi Gutierrezek aurkeztuko du bere Ateak zabalduz, okupazioaren inguruko dokumentala. Jaialdiari amaiera emateko, Oscar sarietarako aurre-hautagai den Loreak filma ikusteko aukera izango da.
Azaroa, ekitaldiz beteta
Zinemaldiaz gain hainbat ekitaldi prestatu ditu Euskal Etxeak azarorako. Hilaren 6an, paraleloki ,Karmele Jaio idazlearekin irakurketa eta solas bat prestatu dute.
Azaroaren 17an, Ludger Mees historialariak Una esvastica sobre el Bidasoa dokumentala aurkeztuko du eta han azaldutako gaien inguruko hitzaldia eskaini. Azaroaren 27an, Irati Elorrieta eta Danele Sarriugartek beraien lanaren eta Berlin hiriaren inguruko solasaldi eta irakurraldia eskainiko digute.
Informazioa gehiago, Berlingo Euskal Etxearen webgunean, hemen.