euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal zinema arrakastatsu AEBetan: "Minerita" laburmetraia Oscarretarako shortlist-ean, eta "Loreak" kritika onak jasotzen

2015/11/10

"Minerita", Raul de la Fuente zuzendariaren film laburraren irudi bat
"Minerita", Raul de la Fuente zuzendariaren film laburraren irudi bat

PUBLIZITATEA

Oscar sarietarako lehia berri onak ematen ari da aurten euskal zinemarentzat, bi euskal filme baitabiltza burubelarri sartuta. Batetik, "Loreak", AEBetako zinematan ikusgai dagoena (aste honetan Washington-en) eta kritika bikainak jasotzen ari dena. Bestetik, "Minerita" laburmetraia, dagoeneko azken hautagaiak aukeratzeko erabiliko den zerrenda murriztu edo "shortlist" delakoan sartu dena.

Washington, EEUU. Bi euskal filme dabiltza egunotan AEBetan Oscar sarietarako lehian, eta promozio kanpaina egiten ari dira azken izendapena lortu nahian. Estatu Batuetako Zine Academiaren arauen arabera, filmak AEBetan ikusgai izan behar dute eta akademikoek datozen hilabeteetan ikusten dituzten pelikulen artean aukeratu beharko dituzte azken hautagaiak. Hautagai horien izenak urtarrilaren 14an emango dira aditzera eta zerrenda horietan egoteko borrokan ari dira "Loreak" luzemetraia eta "Minerita" film labur dokumentala.

Raul de la Fuente zuzendariaren "Minerita" dokumentalak Boliviako Potosí-ko Cerro Rico mehatzean bizi diren hiru emakumeen eguneroko bizitza kontatzen du. Toki oso pobrea da eta biolentzia handia dago, batez ere emakumeen aurka. Lucia (40 urte), Ivonne (16) eta Abigail (17) inguru latz honetan bizi dira, eta ahal duten moduan defendatzen dira, Ivonnek, adibidez, mehatzeko dinamita erabili du inoiz erasotzaileei aurre egiteko.

Film labur hau dagoeneko hautagai guztien artetik aukeratutako shorlist edo zerrenda murrituan sartu da. Beste hamar film daude bertan, eta horien artetik aukeratuko dira Labur Dokumental Onenaren kategorian lehiatuko diren bost lanak.

"Minerita" dagoeneko 38 sari jaso ditu nazioarteko zinemaldietan, tartean Espainiako Goya saria (ikus zerrenda, hemen).

"Loreak", kritika bikainak

Lehian dagoen beste euskal filma "Loreak" da, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariena. Filma Atzerriko Hizkuntzan Film Onena sarirako hautagaia da eta egunotan AEBetako zinematan dago ikusgai. Gaur, bihar eta etzi Washington-eko West End Cineman izango da (ordutegiak eta sarrerak, hemen).

Horrez gain, filmak kritika oso onak jaso ditu AEBetako komunikabide entzutetsuetan. Variety aldizkariak, esaterako, kategoriako dark horse (estalia) zela esan zuen eta 81 hautagaien artean 12. postuan jarri zuen. New York Times aldizkariak "pertsonai handiak eta hiru aktoresa nagusien antzespen bikainak" aipatu zituen, eta Washington Post egunkariak "biziki gogoangarria" dela esan du. Animo "Loreak" eta "Minerita" azken txanpa honetan!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia