euskal diaspora eta kultura
2011/05/03
PUBLIZITATEA
Rio Cuarto, Argentina. Iragan ostegunean, apirilaren 28an, Gure Ametza elkarteak Euskal Laburmetraien 4. Erakustaldia eskaini zuen Teatrino de La Trapalanda delako aretoan. Emanaldi hau Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionaleko Komunikazio Zientzien Fakultateko Bideografia Katedraren laguntzarekin antolatu zuen euskal etxeak. Ekitaldian, Kimuak saileko euskal laburmetraia sorta bat izan zen ikusgai. Emanaldia doakoa izan zen.
“Atsegingarria da beste behin ere euskal laburmetraian sorta bat aurkeztea Rio Cuarton. Laburmetraia hauek harritu egiten gaituzte urtero, euskal sortzaileek erakusten duten kalitate eta maixutasunarengatik", azpimarratu zuen Katedrako irakaslea den Claudio Asadek. Emanaldiaz gozatzeko aukera izateaz gain, unibertsitateko ikasleek laburmetraietan oinarritutako zine lantegia ere egin zuten.
[Irakasleak eta Gure Ametzako kideak Euskal Laburmetraien 4. Erakustaldiaren emanaldiaren ostean (argazkia RioCuartoEE)]
Bestalde, Gure Ametzako Eduardo Aguirrek eskerrak eman zizkien Unibertsitateari eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleei, Kimuak saileko laburmetraien zabalkuntzan laguntzeagatik. Aguirrek Euskadiko Filmategiaren laguntza ere eskertu zuen, erakunde honek euskal zinemagileen lana nazioartean zabaltzen egiten duen lana goraipatuz.
“Gure hirian egiten den laugarren erakustaldia da hau, Rio Cuartoko zinemazaleen artean Kimuak sailak oinarri sendoa duela uste dugu eta urte askoan ikusentzunezko lan hauek erakusten jarraituko dugula espero dugu", gehitu zuen Aguirrek.
Gogora behar da ekarri izenpetu berri dutela akordioa Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Institutuak, aurrerantzean Etxepare arduratu dadin Kimuak sailaz, orain arte Jaurlaritzako Kultura Sailak egiten zuen dirubabeste eta zabalkunde lana bereganatuz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus