euskal diaspora eta kultura
2012/11/14
PUBLIZITATEA
Chivilcoy, Argentina. Proposamen berri bat eskainiko dio datorren ostiralean Beti Aurrera Euskal Etxeak bere komunitateari. Izan ere, euskal erakundeak gonbidaturik, Buenos Aires hiriburutik joanik, Carlos Gabilondo zine adituak aurkeztuko du Beti Aurrera egoitzan euskal zinemagintzan klasikoa den ‘Ama Lur’ filma. Hitzordua arratsaldeko 7:30etan da eta pelikula ikusi ondoren, Gabilondok debatea gidatuko du, filma aurkeztu eta kokatzearekin batera.
“Ekimen berria da honakoa gure euskal etxean inoiz ez baikenuen zinea eman. Baina jendeak interesa erakusten badu, asmoa da datorren urtean zine ziklo bat egitea. Gure helburua da gero eta proposamen gehiago eskaintzea, eta horretarako euskal etxeko kultur arlo bat sortzea. Zineaz gain, gastronomian ere ari gara lanean. Eta hori dela eta bazkide dugun Marisa Mindegik hartuko du parte FEVAk antolatzen duen sukaldaritza tailerrean. Asmoa da euskal etxean ere sukaldaritza zikloa garatzea; eta proposamen bat dela edo bestea dela, jendea euskal etxera erakartzea”, azaldu diote Beti Aurrera Euskal Etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i. ‘Ama lur’ pelikularen emanaldia azaroaren 16an izango da eta sarrera libre eta doakoa du.
'Jose Goñi' Esku Pilota Txapelketa
Hurrengo asteburuan, hau da, azaroaren 24an, 'Jose Goñi' Esku Pilota Txapelketa egingo da Chivilcoy-n. Ekitaldia Buenos Aires probintziako Pilota Federazioaren 2012 honetarako programaren baitan dago, azken hilabete hauetan jokatu diren Xare eta Larruzko Pala modalitatekoak bezala.
Oraingoan, Buenos Aires probintziako Pilota Federazioak 'Jose Goñi' Esku Pilota Txapelketan parte hartzeko gonbitea luzatzen du. “Izena emateko, ez da beharrezkoa Buenos Aires probintziakoa izatea ezta Federazioko kidea izatea ere”, azpimarratzen dute antolatzaileek. Txapelketa egun bakarrean burutuko da, azaroaren 24an hain zuzen, Chivilcoyko Racing Klubean, eta goizeko 10etan hasiko da.
“Euskal etxetik bultzada handia ematen ari gatzaizkio pilota kirolari. Racing Klubeko trinketea herriko zaharrenetako bat da eta laguntza eman diogu klubari zaharberritu eta egokitzeko. Obraren gastuei aurre egiteko behar den dirua biltzeko, joan den astean jai bat egin zen, euskal etxean bertan egin ere. Sarrerak saltzen ere lagundu dugu. Gure bazkide Jorge Mugica lan handia ari da egiten euskal pilota zabaltzeko”, adierazi digute euskal etxetik.
Txapelketaren izenari dagokionez, aipa daiteke Jose Goñi ‘Porteño’ pilotaria, familia nafarreko semea, Chivilcoy-n jaio zela 1870 inguruan. Txikitan hasi zen pilotan, eta Argentinako trinketeetan ez ezik, Uruguai eta Euskal Herrikoetan ere gailendu zen esku huska. Goñi 1949an hil zen Buenos Airesen. 'Jose Goñi' Esku Pilota Txapelketan parte hartzeko, izena emateko edota galderak egiteko, kontaktatu info@paletabuenosaires.com.ar helbidean.
Dantzariak antzokian
Bukatzeko, Beti Aurrera euskal etxeko lagunek jakinarazi digute azaroaren 24an beren dantzariak aurkeztuko direla herriko Agrupacion Artistica Antzokian. “IDAF elkarteak gonbidatu gaitu. IDAFek, Arte Folkloriko Institutuak, urtero egiten du erakusketa bat antzokian eta 2012ko edizioan gure dantzariak gonbidatu ditu Institutuko ikasleekin batera ikuskizuna egiteko. Oso aukera garrantzitsua da guretzat”, azaldu digu euskal etxeko erreferente den Nelba Letamendik. Urtea bukatu aurretik, dena den, beste elkarretaratze batzuk ere egingo dituzte Chivilcoy-ko euskal gizataldeko lagunek; eta datak baieztatu ahala pasatuko dizkigutela agindu digute.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus