euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal zine zikloa eta Ohiko Batzar Orokorra hilabete honetan Mendozako Denak Bat Euskal Etxean

2016/10/21

‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa urriaren 10etik 17ra egon zen ikusgai Mendoza hirian
‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa urriaren 10etik 17ra egon zen ikusgai Mendoza hirian

PUBLIZITATEA

Bi pelikula proiektatuko dira hilabete honetan Mendozako Udaleko Mikrozinean Denak Bat Euskal Etxearen eskutik: larunbat honetan, Miguel Courtois-en ‘El lobo’ eta hurrengoan, Manuel Gutierrez Aragonen ‘Todos estamos invitados’. Gonbite honekin batera, urriaren 30ean bere Ohiko Batzar Orokorra izango duen erakundeak bere azken ekintzen berri helarazi digu.

 

Mendoza, Argentina. Erakundearen 60. urteurrenaren urtean, bereziki gogor eutsi dio Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak euskal kultura zabaltzeari. Eguneroko ekintzekin jarraitzen duen bitartean, beste ekintza batzuk ere antolatzen ditu, bere egoitzatik kanpo, euskara eta euskal jatorriko gizataldearen presentzia hirian nabarmentzeko.

Urriaren 10etik 17ra, esaterako, ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa ibiltariaz arduratu zen. Erakusketak Udaleko Kultur Zuzendaritzaren babesa izan zuen eta Udaleko Mikrozinearen gelaurrean egon zen ikusgai. Euskal Etxeak ekintzaren oso balantze ona egiten du “leku publiko batean egotean, lagun askok ikusi ahal izan baitzuten. Gainera jendeak interes handia erakutsi zuen bai euskaran bai euskara ikasteko aukeran”, adierazi digute Denak Bat-etik.

Urrian ere, baina 13 eta 14an mendozatarrek Euskadiren Argentina-Mercosur-erako ordezkari Sara Pagolaren bisita jaso zuten. Pagola probintziako hainbat mandatarirekin elkartu zen, tartean, Laura Montero gobernadoreordea, Nestor Pares Diputatuen Ganbararen presidentea, Guillermo Cruz Industria eta Komertzio idazkariordea eta Diego Gareca kultur idazkaria. Behin protokolozko ekintzak bukatuta, Jaurlaritzaren ordezkariak Euskal Etxearen egoitza bisitatu zuen; bertan afaria partekatu zuen euskara ikasle, muslari eta oro har Etxeko kideekin.

Urriaren datozen ekintzak

Aktibitateen programarekin jarraituz, larunbat honetan 2016ko Zine Zikloa jarriko du martxan Euskal Etxeak. Emanaldia gaueko 9etan hasiko da; proiektatuko den filma, Miguel Courtois zuzendariaren ‘El lobo’. Zikloak urriaren 29an jarraitu eta bukatuko da, Manuel Gutierrez Aragonen ‘Todos estamos invitados’ pelikularekin. Bi saioak Udaleko Mikrozineko David Eisenchlas aretoan izango dira, sarrera libre eta doanik.

Urriaren 30ean, azkenik, Ohiko Batzar Orokorra egingo dute Euskal Etxeko kideek. Bilkuraren ondoren bildutakoek bazkaria elkarbanatuko dute.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia