euskal diaspora eta kultura
2012/10/15
PUBLIZITATEA
New York, AEB. Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta euskal musikariek eman zioten amaiera Etxepare Euskal Institutuaren "Basque Cultural Exchange in New York" jardunaldiei, Cervantes Institutuaren egoitzan egin zuten multimedia kontzertu batekin. Euskal musikagintzaren historiaren gaineko begirada eskaini zuen kontzertuak, Mikel Laboaren "Baga biga higa" kantu famatuaren izenburupean.
Bezperan, "Euskal ikonoak munduan" gaiari buruzko mahai-ingurua egin zen, hau ere Cervantes Institutuaren egoitzan. Hizlariak Mikel Urmeneta Kukuxumusu enpresako sortzaile eta zuzendari artistikoa, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Mikel Lezamiz Mondragón Korporazioko Zabalkunde Kooperatiborako zuzendaria izan ziren. Cervantes Institutuko zuzendari Javier Rioyo izan zen aurkezlea eta hausnarketa oso interesgarriak sortu ziren solasaldian.
Hizlari bakoitzak bere enpresa edo erakundea aurkeztu zuen eta ondoren, munduan sona duten euskal ikonoak hizpide hartuta --Gernika, gastronomia, Zinemaldia, Sanferminak, Guggenheim...-- hainbat gai aztertu zituzten: irudiaren indarra, sinboloa eta sormena uztartzearen boterea, kultura eta enpresa munduan ematen den internalizazioa...
Ateak ireki
Jardunaldietako azken egunetan egin den beste ekitaldi bat New Yorkeko Anthology Film Archives aretoan ikusgai izan den "Gerra Zibila Euskal Herrian" zikloa izan da. Etxepare Euskal Institutuak agertu duenez, euskal erakundea zein filmategi ospetsua oso pozik geratu dira zikloaren kalitate eta emaitza ikusita.
“Oso eskertuta gaude filmategiak egin digun harreragatik eta gure kulturarekiko erakutsi duten adeitasunagatik. Aurrerantzean ere lanean jarraitzeko eta euskal zinea erakusteko ateak zabaldu zaizkigu hemen”, adierazi zuen atzo zikloaren amaiera ekitaldian Aizpea Goenaga Institutuko zuzendariak. “Filmategira hurbildu den ikuslegoa oso zinezalea eta gehienbat estatubatuarra izan da; askorentzat gure errealitatearekin sekula izan duten lehen kontaktua izan da. Zabalkunde mailan egiten ari garen ahalaginean oso interesgarria da hori guretzat”, gaineratu zuen Goenagak.
Euskal Filmategiaren partaidetza ezinbestekoa izan da urriaren 6tik 10era bitartean eta 10 saio ezberdin emanez burutu den zikloa antolatu ahal izateko. Filmategiak udazken honetarako prestatu duen zikloaren aukeraketa bat erakutsi da New Yorken, honako filmak eskainiz: El árbol de Guernica (Fernando Arrabal, 1975), Guernica (Robert Hessens & Alain Resnais, 1950), La buena nueva (Helena Taberna, 2008), Lauaxeta (J.A. Zorrila, 1987), Los niños de Rusia (Jaime Camino, 2001), Vacas (Julio Medem, 1992). Gainera, Tabernaren filma Joxean Fernandezek berak eta Iker Ganuza ekoizleak aurkeztu zuten.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus