Caracas, Venezuela. Pasa berria den apirilean 13 urte bete ziren lehenengo alea 2011eko apirilean atera zuenetik. Helburua, orduan eta orain, Venezuelako euskaldunen eta euskal-euskal-venezuelar komunitatearen arteko zubigintza lana egitea eta elkar lotzea, komunitate zentzua elkarren berri izatearen bidez sustatuz, nonahitik, nonahi egonik ere. Pedro Javier Arriaga Aguirre caracastarra du hasiera-hasieratik egile eta arduradun, aipatu 13 urteak eta 157 zenbaki joan badira ere, bolondres, bere astia eskuzabal eskainiz, ilusioa eta engaiamendu handiarekin batera.
Egun batzuren buruan, hilabete azkenean, aterako da buletinaren ondoko zenbakia, baina oraingoari buruz, esan dezagun berezia dela, berezia baita Athletic bezalako talde batek Diasporako bihotz askotan daukan tokia, tartean Caracas eta Caraboboko eusko etxeetako kideen artean ere. Jazoeraren honako azalean eta lehenengo orrialdeetan Errege Kopako finalaren irabazlea da gai nagusia. Kopa 40 urteren ostean berriz bereganaturik, buletinak bat egiten du hainbat bizkaitar eta euskaldunen pozarekin eta gabarrari buruzko eta Venezuelako euskal gizataldeen partidaren segimenduari buruz bana artikulu biltzen ditu.
Harpidetza doan
Horrekin batera, Jazoeraren 157. zenbakiak apirilaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako Euskal Autonomia Erkidegoan egin ziren hauteskundeei buruzko informazioa ere badakar. Honi lotuta, hauteskundeetan Venezuelako euskal gizataldeak izandako partaidetza ere komentatzen du. Eta Euskal Herritik datozen beste berrien artean, apirilaren 26an Galdakaon egin zen komunitate euskal venezuelarraren urteroko topaketaren hainbat argazki ere argitaratzen ditu. Eta Euskal Herriaren eta bere diasporaren errealitatea hobeto ezagutu eta zabaltzea helburuarekin eskuragarri dauden prestakuntza programak ere jorratzen ditu. Alde batetik, euskara ikasteko Ingura plataforma aurkezten du; bestetik, EHUk eskaintzen duen Diasporari buruzko graduondoko ikastaroan izena emateko informazioa azaltzen.
Artikulu hauetaz gain, beste eduki batzuek osatzen dute apirileko buletina, tartean, Arantzazu Ametzagak idatzitako “Bakartxorekin hizketan” narrazioak eta Pedro Arriagak berak ekoizten dituen “Euskal-venazuelar” lau fitxa berri, Venezuelan dagoen euskal aztarna era sakonagoan ezagutzeko tresna egokia. Hori guztia, testuak eta argazkiak tartekatzen dituzten 46 orrialdetan, engaiamenduaren eta lan ordu askoren emaitza.
Jazoeraren aleak hilabetero zuzenean ordenadorean jaso nahi baduzu, zuzendu zaitez jazoeraccs@gmail.com helbidera. Jazoerarekin kontaktatzeko beste bide batzuk:
- Venezuelako Euskal Etxeen federazioa: https://centrosvascosvenezuela.com (lehenengo 117. zenbakiak eskuragarri)
- Facebook: Jazoera, publicación de la comunidad vasco venezolana
- Instagram: https://www.instagram.com/jazoera
- Whatsapp: +58 4241797908
- Canal Youtube: Jazoera TV