Galdakao, Bizkaia. Euskal Herrian bizi den euskal-venezuelar komunitateak bere urteroko elkarretaratzea egingo du apirilaren 23an, larunbata, Galdakaon, Amaya Zenarutzabeitia buru duen 'Simon Bolivar' Euskal-Venezuelar Elkartea antolatzaile. Koronabirusak behartutako tartearen ondotik, deialdiak bere ohiko datan biltzera deitu du, esan nahi baita apirilaren 19aren --Venezuelako Independentzia ospatzen den eguna-- osteko larunbatean. Aurtengoa 25. edizioa du, Amayari eskertu beharreko ahalegin etengabea tarteko.
Ekitaldian zehar, edizio oro ohi denez, oroigarri bat emango zaio/e bildutakoen artean adin altuena duen parte hartzaile bati edo agian biri, eta bilkurak esangura berezia izango du aurten, aurreko urteetan COVID-19a medio elkarretaratzerik ezin izan baita egin. "Tamalez, hainbat jende joan zaigu denbora honetan, adinagatik eta koronabirusagatik ere, hogei bat pertsona, esango nuke", aitortu dio EuskalKultura.eus-i elkarte antolatzaileko buruak.
Egitaraua eguerdi ostean, 13:00etan hasiko da Galdakaoko Santa Maria elizan ("behean, kale artekoan"), elkarretaratzearen azken ediziotik hona hildakoak gogoratuz,
Ondotik, elkar agurtu eta apertifa hartu eta solasteko tartea etorriko da, bazkariarekin 15:00etan abiatu arte. Aurreko urteetako jatetxe venezuelar berean izango da, "izena aldatu egin diote eta orain 'Dog & Fox' jarri diote, Caracasko Las Mercedeseko izen bereko pubagatik".
Menua, ohi legez, Venezuelako menu tipiko bat izango da, "arepitak, pontxeratan zerbitzatutako he eltzea, txerri-pernil errea bere zukuan oilo-entsaladilarekin, quesillo eta edariak barne, 27 euroren truke".
Parte hartu nahi dutenek 653 015813 zenbakira whatsappa bidaliz edo deituz eman dezakete izena, edo emailez pamayaz@gmail.com helbidera idatziz, edo zuzenean Amaya Zenarutzabeitia edo Aitzbea Ramosekin hitz eginez.