euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal-venezuelar komunitateak bere kideetako biren nazioarteko urrats garrantzitsuak azpimarratu ditu

2016/09/23

Jon Paul Rodriguez-en argazkia eta  Asier Cazalisen marrazkia
Jon Paul Rodriguez-en argazkia eta Asier Cazalisen marrazkia

PUBLIZITATEA

Elkarrekin euren euskal jatorria partekatzen dute. Bi alor arrunt desberdinetan nabarmendu dira, eta komunitate euskal-venezuelarreko bi eragile diferentek eman digute euren berri. Batetik, Jon Paul Rodriguez biologoa, Caracasko Eusko Etxeko betidaniko kide, Natura Zaintzeko Mundu-Batasuneko Espezieen Bizirauteko Batzordeko buru izendatu dute. Bestetik, Asier Cazalis musikaria 2016ko Grammy Latinoetarako bi izendapen lortu ditu, "Los Caramelos de Cianuro" bere taldearekin batera. Zorionak biei!

Caracas, Venezuela. Caracasko Eusko Etxetik eta Jazoera aldizkari euskal-venezuelarretik heldu zaizkigu abisuak. Harrotasun abisuak dira, komunitate euskal-venezuelarra bere seme-alabez harro dagoela adierazten digutenak. Protagonistak Jon Paul Rodriguez biologoa dira, natura zaintzeko alorrean mundu mailako erakunde nagusian ardura handiko posizioan jarduteko hautatua izan dena; eta Asier Cazalis kantari, musikari eta ekoizlea, Caramelos de Cianuro taldeko ahotsa eta kantugilea, 2016ko Grammy Latinoetan bere taldearekin batera bi izendapen eskuratu dituena.

Biei, zorion biziak eman dizkie komunitate euskal-venezuelarrak, eta bat egiten du horretan euskal diaspora osoak.

Jon Paul Rodriguez, Provita erakundeko kide fundatzailea berau, Natura Zaintzeko Mundu-Batasuneko (UICN) Espezieen Bizirauteko Batzordeko buru izendatu dute. Mundu mailan natura alorrean dagoen erakunde garrantsitsuena da Natura Zaintzeko Mundu-Batasuna, gobernuz kanpoko erakundez zein gobernupekoez osatua. Biologoa eta Princeton Unibertsitateko Ekologian doktore da Jon Paul Rodriguez. Kargu horretan lehenengo latinoamerikarra da, eta azkeneko zortzi urteetan bertako lehendakariorde izana. Berari buruz, hona Cristina Raffalli-k argitara emandako albiste eta elkarrizketa.

Jon Paul Rodriguez bezala, euskal-venezuelar komunitateko kide da Asier Cazalis ere. Caramelos de Cianuro talde punkeko ahots eta gitarra da, taldearen kantuetako askoren egile. Taldeak 2016ko Grammy Latinoetarako bi izendapen izan ditu eta Pop Rock-eko urteko albumik onenaren sarian (disco 8 izenburudunarekin) eta Rock pieza onenaren saran ("Abismo" kantuarekin) hartuko du parte Grammyetan. Izendapenetik saria eskuratzerako jauzia emango duen ala ez, azaroaren 17an jakingo da, Las Vegasen egingo den gala batean zehar.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia