euskal diaspora eta kultura
2008/09/17
PUBLIZITATEA
Bordele, Frantzia. Bordeleko Euskal Etxea urte oso aktiboak izaten ari da, elkarteko kideen engaiamendu eta ekimen berriak aurrera ateratzeko gogoari esker. Euskara, musika eta euskal kulturaren sustapenaren arloan hamaika ekitaldi bultzatu ditu, eta lan horren azken emaitza ostiral honetan bertan jarriko da abian: 'Euskal Udazkena Bordelen' jaialdia.
Egitaraua Bordeleko Journées du Patrimoine 2008 kultur jardunaldien irekiera ekitaldiarekin hasiko da. Euskal Etxeko abesbatzak, Bestalariak taldeak, kontzertua emango du hiriko Udaletxean. Herriko Etxea bera eta euskal etxea dira antolatzaile eta Bordeleko alkate Alain Juppék ere parte hartuko du ekitaldian. Emanaldia arratseko zortzietan izango da eta doakoa izango da.
Hurrengo ekitaldia irailaren 29an egingo da, BatekMila erakusketaren inaugurazioarekin. BatekMila Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak prestatu duen ikusgarria da; 'Euskal Herria eta Diasporako euskal munduetan barna bidaia egitea' proposatzen duena. Inaugurazioa jai bihurtu nahi dute antolatzaileek eta Bestalariak koralak eta Maddi Oihenart kantari zuberotarrak kontzertua eskainiko dute.
'Baskoi erran duzu?'
Urriaren 3an, 'Vous avez dit basque?' (Baskoi erran duzu?) mintzaldia eskainiko du Mikel Duvertek Euskal Etxean. Basque hitza noiz sortu eta zer herri deskribatzen duen azalduko du Duvertek. Hizlaria biologian doktorea eta euskal antropologian aditua da. E. Goyheneche historialaria eta J. M. Barandiaran antrolopogo ezagunaren eskutik piztu zitzaion Duverti euskal antropologiaren grina.
Urriaren 11an, larunbatean, St. Pierre elizan kontzertua eskainiko dute Bestalariakek eta Kantuka Abesbatzak. Kantuka Nafarroa Behereako Behauze herritik dator, eta 65 kantarik osaturiko koru mistoa da. Didier Irigoin izango dute zuzendari, eta Bestalariak taldeak, aldiz, Marianne Guerin. Kontzertua 20:30tan hasiko da.
Atxaga, Borda eta Junkera
Jaialdia urriaren 18an, larunbatean, bukatuko da, Euskal Etxean egingo den 'Literatura gaualdia' ekitaldiarekin. Bernardo Atxaga eta Itxaro Borda idazleek euren lanen irakurraldia eskainiko dute, Kepa Junkera trikitilariaren musikaren laguntzaz. Euskal idazleen parte hartzea urriaren 9tik 23ra Bordelen egiten den 'Lettres du Monde' jaialdiaren karira dator.
'Euskal Udazkena Bordelen' jaialdiri buruzko informazio gehiago, Bordeleko Euskal Etxearen webgunean, hemen.PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus