euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaledonia Berriko euskaldunek zuri-gorriz jantzita gozatu zuten Feria des Furieux jaiaz

2011/04/18

Giroa bikaina izan zen Feria des Furieux jaian (argazkia Amicale Pays Basque Sonc)
Giroa bikaina izan zen Feria des Furieux jaian (argazkia Amicale Pays Basque Sonc)

PUBLIZITATEA

Sokatirak, ikurrinak, zesta punta partidak eta zuri-gorriz jantzitako jendetza Pazifikoaren bihotzean. Horixe da gutxigorabehera Kaledonia Berriko Amicale du Pays Basque elkarteak urtero antolatzen duen Feria des Furieux jaiaren laburpena. 300 lagundik gora bildu ziren Noumeako frontoian egin zen bestara: irlako euskaldunak eta euskaltzale kaledonia berritarrak. Giroa bikaina izan zen, elkarteak argitaratu dituen argazkietan ikus daitekeenez.

Noumea, Kaledonia Berria. Joan den apirilaren 9an Kaledonia Berriko Amicale du Pays Basque elkarteak Féria des Furieux jaiaren edizio berria egin zuen. Pazifikoko euskaldun talde honek antolatzen duen urteroko ekitaldi jendetsuena izan ohi da eta aurten ere 320 lagundik gora bildu zituen Noumea hiriburuko frontoian.

"Familientzako jai bat da, Euskal Herrian bezala: haur, gazte, heldu zein nagusiak, denak, edo ia denak, zuri-gorriz jantzita", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko kide den Emmanuel Berartek. Jaia arratsalde gau partean hasi zen, haurrentzako jolasekin eta pala partida batekin. Zesta punta erakustaldia ere egin zuten, euskaldunek 90. hamarkadan eraikitako frontoian. Ondoren "Whizz Bang and the peacefull monkeys" taldeak dantzaldiari ekin zion.

Noumea Feria des Furieux 2011 (4)

[Sokatira Noumeako frontoian (argazkia Amicale Pays Basque)]

Noumea Feria des Furieux 2011 (3)

[Euskaldunak eta kaledonia berritarrak zuri-gorriz jantzita etorri ziren jaiaz gozatzera (argazkia Amicale Pays Basque)]

Noumea Feria des Furieux 2011 (1)

[Euskal graffitiak ageri dira nonnahi frontoiaren inguruan (argazkia Amicale Pays Basque)]

Kaledonia Berriko euskal gizataldea Iparraldeko euskaldunek osatua da nagusiki, irlak Frantziarekin harremana duen 'Sui generis' kolektibitate estatus politikoa du eta. Aurten Hegoaldeko euskaldun talde bat ere bildu zen jaira, azpimarratzen du Berartek, tartean Kaledonia Berrian Europako Batzordeko ordezkaria.

Jaian paella erraldoi bat dastatu ahal izan zuten partehartzaileek eta 240 plater zerbitzatu ziren guztira. Pintxoek eta sangriak ere arrakasta izan zuten, Irulegiko ardoarekin batera.

Noumea Feria des Furieux 2011 (5)

[Paella izan zen afariko menuaren izarra (argazkia Amicale Pays Basque)]

Noumea Feria des Furieux 2011 (2)

[Suarekin jolasean (argazkia Amicale Pays Basque)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia