euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal txiletar filosofo eta idazlearen heriotzaren aurrean: 'Castor Narvarte, amaiera gabeko beste erbeste bat'

2011/12/19

PUBLIZITATEA

Joan den astean zendua da Txilen Castor Narvarte Sanz, jaiotzez euskalduna, Txilen hazia eta txiletarra bizilekuz eta adopzioz, Diasporako euskal familia bateko aita eta aitona, seme eta bilobak Euskal Herrian, Txilen eta Estatu Batuetan zeuzkana. Idazle eta filosofoa, bere ekoizpena, bere ekarri intelektuala eta Diasporako euskaldun gisa eman zigun lekukotasuna utzi digu herentzia. Hamaika Bide Elkartetik (Euskal Erbesteen Kultura Ikertzeko Elkartea da Hamaika Bide) honako artikulua iritsi zaigu zendu berria oroituz, Jose Angel Ascuncek eta Jose Ramon Zabalak sinatua, 'Castor Narvarte, amaiera gabeko beste erbeste bat' izenburupean.

Jose Angel Ascunce eta Jose Ramon Zabala. Jaiolekutik urrun, adopziozko lur berrian, hego hemisferioko uda hastear zegoenean, gure erbesteratu handienetako bat hil da. Castor Narvarte filosofo eta idazlea, eta ideia demokratikoen defendatzaile eta azken unera arte militantea, hil zaigu. Heriotza joan den aste hastapenean gertatu da –eta bere biografietan hala idatzi beharko da–, 2011ko abenduaren 12an.

Castor Narvarte 1919an jaio zen Irunen, ideologia errepublikazale eta euskaltzaleko familia batean. Beste gazte askori gertatu bezala, frankistek gerra zibila hasi zutelarik gaztaroa hautsi zioten. Filosofo izango zen gaztetxo haren kasuan, familiarekin Irun utzi, Iparraldera eta Frantziara pasa, eta hemezortzi urte zituenean Kataluniatik itzuli zen eta Errepublikako Batallón Vasco-Navarro delako batailoiko kide egin zen, aldi berean Eusko Abertzale Ekintzan sartuz. Behin gerra galduta narvartetarrak --gurasoak eta lau seme-alabak-- erbestera alde egin behar izan zuten, lehenengo Parisera eta, handik urtebetera, Txilera, herrialde hegoamerikarrak bizitza berreraikitzeko aukera eskaini baitzien. Orbita izeneko itsasontzi britainiarrean egin zuten Txilerainoko bidaia,  1939ko maiatzaren 21an helduz. Bertan negozioak ongi joango zitzaizkien, urte gutxitan 50 langile izango zituen lantegi bateko jabe izatera heldu zelarik. Baina lantegi harek ez zuen Castor Narvarteren gogo intelektuala asebetetzen eta, azkenik, erabaki gogor bat hartuko zuen: dena saldu eta Txileko Unibertsitatean ikasle sartzea. Lan trinkoko urteak etorriko zitzaizkion ondoren, emaztea izan zuen Elena Arregi --herritar txiletarra, guraso euskaldunen alaba-- beti alboan laguntzaile.

1954ean karrera amaitu eta Filosofia Saileko laguntzaile gisa sartu zen eta emaitza oparoko bidea hasi zuen irakaskuntzan zein ikerketan. Hirurogeiko hamarkadan, Municheko Unibertsitatean ikastaro bat egiteko aukera izan zuen. Hortik aurrera Madrilgo Universidad Complutense delakoan matrikulatu ahal izan zuen, bertan doktoretza egiteko. Orduan izan zuen bere herrira itzultzeko lehenengo parada eta frankismoak eragindako txikizio kultural eta politikoa bertatik bertara ezagutu zuen. Palmira Oyanguren idazleari elkarrizketa batean azaldu zionez, “doktoregoa Madrilen egin nuen, pentsatuz Franco erori ostean itzuliko nintzela”. Baina Franco ez zen erori; beste hamarkada bat iraungo zuen diktadurak eta Castor ez zen harekin batere identifikatzen, ez ideologikoki ezta etikoki ere. Ondorioz, Txileko Unibertsitatera itzuli zen eta bertan jardun zuen irakasle, aldi berean Santiagoko Euzko Etxeko ekintzetan buru-belarri murgildurik. Irakaslearen lan intelektuala liburu askoren bitartez zabaldu da –saiakerak, nobelak, antzezlanak–, gehienak oinarri filosofikoko idaztiak. Txilen ere beste diktadura odol-isurlea ezagutu behar izan zuen Castor Narvartek, Augusto Pinochetena, Francorena bezain ankerra. Eta maila pertsonalean, beste gertaera batek izugarrizko mina eragingo zion: 1993an, auto istripu zentzugabe batean, emaztea galdu zuen.

Michele Porciello Genoako Unibertsitateko katedradunak esana da Castor Narvarte –Juan David Garcia Bacca eta Eugenio Imazekin batera–"euskal pentsalari esanguratsuenetako bat ” izan dela. Horrela ulertuko zuen seguruenik baita ere Txileko Santiagoko Udalak Nihilismo y violencia liburuagatik Saiakera Sari Nagusia eman zionean. 2003an Irungo Udalak, gure elkartearekin batera, bi liburukitan berrargitaratu zuen liburua, intelektual erbesteratuari eginiko omenaldi gisa. Liburua eskaintza argigarri batek irekitzen zen: "Liburu hau lan honetan aritu naizenean buruan izan ditudanei eskaintzen diet: Txileko gazteriari eta euskal herriari".

Utzi digun bibliografia aberatsean bere bi liburu bereizi nahi ditugu: Perfil biográfico del pueblo vasco (1991)  eta La memoria de un pueblo (1999). Biek ala biek ondo asko adierazten dituzte idazlearen arrengurak eta nolabaiteko baikortasuna darie gure herriaren etorkizunaz: lehendabizikoan irakur daitekeenez, el pueblo euskaldún –con inclusión del lado vasco no euskaldún– está en posesión de una cultura peculiar, compleja y de vario interés. Es lo que había que hacer ver: que hay una cultura vasca con estilo propio, seria y en marcha. Baikortasun bera erakutsi zuen beste hau idatzi zuenean: la vieja Euskalerria comienza a renacer. Castor Narvartek kosmopolitismotik definitu zuen gure kultura. Horrela idatzi zuen: “Euskal historiak ezaugarri berezi bat dauka, arrunta ez dena: hein handi batean, emigrante euskaldunei esker, urrutiko eskenatokietan garatu izan dela”. Gizon jarreraz integratzaile eta ireki hori, gure askatasunen defendatzailea, betirako joan zaigu. Agian gure herriak ez du ahaztuko; eta are gehiago, agian utzi digun ondarea bere osotasunean berreskuratuko du. Horrela ez bada, Castor Narvarte, beste askoren moduan, ez da erbestetik sekula Euskal Herrira itzuliko. Goian Bego.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia