euskal diaspora eta kultura
2011/04/04
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Euskal Herriaren Lagunak (EHL-Argentina) elkartearen adar argentinarrak eta Euskal-Argentinar Koordikakundea delakoak deiturik, lagun talde polita bildu zen joan den ostiralean hiriburuko San Telmo auzoan, Chacabuco eta Mexiko kaleetan, euskal sukaldaritzako emaitza batzuk dastatzeko, tartean pintxoak, kroketak eta txorizo mokadu batzuk, "plater onak, prezio onean eta aldi berean etekinekin gure ekimenak sostengatzen laguntzeak dakarren balio erantsiarekin", antolatzaileek adierazi dutenez.
Lekua, berez, San Telmoko Asanblearena da --talde hau EHLko kide da-- eta ikurriñak, presoen banderak eta 'Independentistak' taldearen afixak euskara klaseen aldeko abisuekin nahasiz eta bestelako euskal eta argentinar kartel aldarrikatzaileak hormetako 'apaingarri' ageri zen, Hego Ameriketako jatorrizko herrien iragarpenez eta bestelako kausa militanteen kolore eta sinboloez.
Lagunen bilgarri, kantariak barne: Silvia Iriondo...
Taberna sustatu dutenetako baten hitzetan, euskal hitzordu hau ostiralero zabalduko da "euskaldun diren edo euskaldunen lagun direnen bilgarri, solasa, otordu bat edota elkarretaratzeko gune bat partekatu nahi duten orori zabalik".
Afaria hasia zela zenbait musikarik bat egin zuten deialdiarekin. Aukera izan zen entzuteko, esaterako, Silvia Iriondoren ahotsa Federico Matorra gitarrajolea lagun, besteak beste 'Haurtxo polita' kantu euskalduna eskaini zuelarik folklore argentinarreko zenbait kantuekin batera. Izan ere, publikoaren 'beste bat' eskaerak eta txalo ugariak medio aurreikusita zeukan denbora luzatu behar izan zuen jatorri euskalduneko artista argentinarrak.
'Txoriak txori', Mendoza aldeko kantuak, publikoa...
Hugo Fernandez Panconi kantariak ere jakin zuen bertaratutakoak nola hunki eta Mikel Laboa eta Joxanton Artzeren 'Txoriak Txori' kantatu zuen giro berezia sortuz; Chicho Sanchez Ferlosio madrildarraren pieza bat ere eskaini zuen, berak egindako beste zenbait kanturekin batera. Mendoza probintziatik etorriak ziren, bestalde, aritu zirenetako beste bi, Freddy Vidal eta Angeles Asensio; Argentinako alde horretako zenbait kantu abestu zituzten, jendearen txalo artean, tartean aste honetan bertan aurkeztu behar duten disko bateko zenbait.
Publikoak ere izan zuen kantatzeko aukerarik. Izan ere astero egin nahi den elkarretaratze honek biziki apreziatzen ditu bisitariak, bertan argi geratu zenez. Aldi honetan bazen Donostiatik heldutako bisitaririk eta baita Iparraldekorik ere. Eurak, bertako euskal argentinar batzuekin bateginik, errepasoa eman zioten euskal kantu errepertorio tradizional eta berriari.
Datorren astean, Euskal Zine Zikloa; Aberri Eguneko deialdia
Tabernako antolatzaileek hitz goxoak izan zituzten hitzordua gauzatu ahal izateko sukaldean aritu ziren lagunentzat, bilkuraren arrakastaren zati handi bat gastronomia aldetik egindako ahalegin esanguratsuari zor baitzaio. Hor aipatu zituzten Priscila eta bere seme-alaba Santi eta Laura, gauza izan baitziren bildutakoek egindako eskariak ongi prestatu eta azkar hornitzeko, hori bai, gau osoko etengabeko lana eta izerdia medio.
Datorren ostiralean, juxtu taberna hasi aurretik, Euskal Zinema Sozial eta Politiko Ziklo bati ekingo zaio. Egun horretan emango zen izenburua, Josu Martinez-en 'Debekatuta dago oroitzea-Prohibido recordar' eskainiko da. Aldi berean, EHL elkarteak adierazi du hasika direla antolatzen 2011eko Aberri Eguneko ospakizuna Buenos Airesen. Maiatzeko Plazan izango da, apirilaren 30ean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus