euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Sustraiak-ek abiatu du Trenque Lauquen-en Euskal Kultura Topaketa Zikloa herriko Gladiolo Literatur Kafean

2021/10/19

Alejandra Bengochea eta Luis Lahitte arduratu dira euskal kultura lehenengo saio hauek antolatzeaz Trenque Lauquen-en
Alejandra Bengochea eta Luis Lahitte arduratu dira euskal kultura lehenengo saio hauek antolatzeaz Trenque Lauquen-en

PUBLIZITATEA

Trenque Lauquen, Argentina. Joan den asteazkenean estreinatu du Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeak bere Euskal Kultura Zikloko lehenengo topaketa. Bestela esanda, abiatu ahal izan du azkenik, berez pandemiaren aurretik programatu zuen zikloa, orain, horretarako baldintzak bete ahal izan dituenean. Luis Lahitte, Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kidea, eta Alejandra Bengochea, erakundeko euskara irakaslea, izan dira arduradunak, eta lehenengo solasaldietako gaia, Euskal Herriko historia eta geografia.

Gladiolo Literatur Kafea aukeratu zuten bilgune "elkartzeko oso gune aproposa baita". "Maiz antolatzen dira bertan topaketa kulturalak, eta publikoak zerbait edan edo jan dezake entzuten duen bitartean". Alejandra Bengocheak Euskalkultura.eus-i azaldu dionez, “Luis Lahitte-rekin betidanik aipatzen genuen solasaldi ziklo bat sortzeko asmoa, publiko orokorrari euskal kultura zer den erakutsi ahal izateko. 2020 hasieran gaiak aukeratu eta horrela egin hasi ginen zikloa antolatzen, pandemia hasi aurretik”.

Astelehenero 20:30etan

Eta "kostatu zaion arren", hasiera pasa den astean egin zen, 20 pertsona inguru partaide Gladiolo kafean, "tartean euskara ikasleak, Zuzendaritza Batzordeko eta Euskal Etxeko kideak eta baita bertako ohiko bezero batzuk ere". "Hitzaldiaren ondoren interes handiz hurbildu eta galderak egin eta iritziak partekatzen aritu ziren". Euskal etxekoek bereziki eskerrak eman nahi dizkiote Kafeko arduradun Gustavo Dogliolo Bengocheari bere laguntzagatik, bertako ateak hain atseginez ireki izanagatik.

Lehenengo ziklo hau lau topaketakoa izango da, asteazkenero gaueko 8:30ean. Gainerako hiruetan jorratuko diren gaiak izango dira "Euskaldunak eta itsasoa", urriaren 27an; "Mitologia eta erlijioa Euskal Herrian", azaroaren 3an; eta "Euskal literatura", azaroaren 17an. Azken honek, adierazten digute, Miguel de Unamuno eta Pio Baroja hartuko dituzte hizpide, Alicia Paris literatura irakaslearen eskutik. Antolatzaileek zikloa errepikatzeko asmoa dute, "euskal kulturarekin lotutako gai berrei eutsiz".

Euskara eta dantza eskolak, afariak...

Euskal Sustraiak-eko kide Miriam Oyarzabalek azpimarratu du "zein garrantzitsu eta pozgarria izan den berriz ere aurrez aurre biltzea". Hitzaldi hauez gain, Euskal Etxeak hasi ditu berriz ere aurrez aurreko euskara eskolak, bi talderekin Alejandra Bengochea-ren eskutik, eta baita dantza klaseak ere, Abril Velazco irakaslearekin. Afari bat ere antolatu nahi dute datorren hilabeterako, bazkideek irrikaz hala eskaturik, "dagokion edukierak errespetatuz, jakina", 

Zorionak Euskal Sustraiak-eko lagunei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia