Euskal sukaldaritzaren nazioarteko zabalpena deus berria ez bada, gauza berriagoa izan liteke euskal sukaldaritzaren enbaxadorea Diasporako euskal chef bat izatea. Paraguaiko Gastronomia eta Turismoren Nazioarteko Kongresuan aritu ondoren eta 2015eko ‘Pilpileando Argentina’ prestatzen ari den bitartean, Mexikoko Oaxacara bidaiatuko du Itziar Aguirre chef euskal-argentinarrak bertako Nazioarteko Jardunaldietako parte izateko.
Rosario, Argentina. Euskal Herriko eta Argentinako ordezkari izango da Itziar Aguirre Mexikon, martxoaren 16tik 19ra, 2015eko Oaxacako Gastronomia eta Turismo Nazioarteko Kongresuan. Bertan, Latinoamerikako 2. Kopako Lehiaketako epaimahaikide arituko da eta Euskal Sukaldaritzari buruzko hitzaldi praktiko bat eskainiko du bi hizlari atzerritar baino biltzen ez dituen programaren barruan.
Hau ez da izango, baina, bere lehenengo partaidetza Hego Amerikako izen handiko sukaldariak biltzen dituen jardunaldi batean. Urrunago joan gabe, azaroan Paraguaiko Asunciongo CIMGAT --Congreso Internacional Multidisciplinario de Gastronomía y Turismo-- delako biltzarrean, Mexiko, Txile, Honduras, Kolonbia, Guatemala, Paraguai, Peru, Brasil, Uruguai eta Kubako chefekin batera eta jendetza baten aurrean, herrialde partaide bakoitzaren errezetak eta berezitasunak azaltzeko saio batean aritu zen. “Ekitaldiaren helburua sukaldaritza sustatu eta garatzea zen, baina beti ere gastronomia herrien kulturaren adierazpena dela nabarmenduz. Arrakasta handia izan zuen Kongresuak eta oihartzun handia izan zuen hedabideetan (ikusi, adibidez, artikuluak hemen eta hemen).
Chef euskaraduna gustura eta eroso dabil zeregin honetan, adierazi dio EuskalKultura.com-i. “Plazer handia da niretzat euskal sukaldaritzarekin Argentinako mugak gainditu ahal izatea. Euskal Herriaren benetako enbaxadore izatea jotzen dut eginkizun hau, engaiamendu handiz egiten dut eta, bistan da, Argentinako ordezkari izateari utzi gabe. Ekitaldi hauetan ikurrina ikustea, Hego Amerikako banderekin batera, hunkigarria da oso, oilo-ipurdia jartzen dit…”, aitortu digu sukaldari rosariotarrak.