euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal sukaldaritzak eta oro har kulturak tokia izan dute Washingtongo Kennedy Center entzutetsuan

2015/03/16

Euskal aurkezpena, Hasier Etxeberria (eskuinean) buru Washington DCko Kennedy Center-en (argazkia Etxepare.eus)
Euskal aurkezpena, Hasier Etxeberria (eskuinean) buru Washington DCko Kennedy Center-en (argazkia Etxepare.eus)

PUBLIZITATEA

Euskal kulturak lekua berezia izan du martxo hasieran Washington DCko Kennedy Center kulturgune ezagun eta erreferentzialean. Hasier Etxeberria euskal idazle, errealizadore eta kazetariak hitzaldiak eskaini zituen martxoaren 7an eta 8an, bertako Iberian Suite: global arts remix festival jaialdiaren barruan, euskal sukaldaritzari buruzko film bi aurkezteaz gain. Culinary & Film atalean izan zen, Etxepare Euskal Institutua bitartekari, 

Washington DC, AEB. Etxepare Institutuak aditzera eman duenez, garrantzitsua izan da euskal kulturarentzat Kennedy Center kulturgune ezagun eta erreferentzial honetan parte hartu ahal izatea. Iberian Suite: global arts remix festival jaialdiaren barruan eman den partaidetzan, martxoaren 7ko mintzaldian, Euskal Herriaren kulturaren aberastasunaren berri eman zuen Hasier Etxeberriak: herri txikia izanik ere –hizlariaren esanetan,' euskal biztanle guztiak Brooklynen kabitzen dira', euskaldunon kultura, hizkuntza, artea edota sukaldaritzaren garrantzia eta aberastasuna azpimarratu zituen, eta herriaren nortasun kolektiboaren osatzean duten munta nabarmendu. Euskal sukaldaritzak Euskal Herrian duen babes soziala eta nazioarte mailan egin duen ekarpena eta ere aipatu zituen, Francisco Javier Gutiérrez eta Jon Arreguik zuzendutako Euskadi: Cocina en la Cumbre filma aurkeztu aurretik. Emanaldia amaitutakoan bertaratu zen jende ugariaren galderei erantzun zien Etxeberriak. Interes bizia piztu zuen saioak, eta solasaldia bizia izan zen benetan.

Martxoaren 8ko saioa, berriz, Juan Mari Arzak sukaldari handiaren eta bere gaineko Juan Mari Arzak: Etxe bat da Mundua dokumentalaren ingurukoa izan zen. Berriro ere, Hasier Etxeberriak egin zuen aurkezpena, hitz interesgarri eta hunkigarriekin, Arzaken lanaren garrantziaren inguruko hausnarketa partekatuz. Entzuleek interes biziz jarraitu zituzten bere hitzak, eta segidan Etxeberriak berak sortutako dokumentalarekin zinez gozatu. Amaieran, berriro ere, solasaldi erakargarria piztu zen Kennedy Centerreko Family Theatre aretoan.

Hain justu, Arzak izan da protagonista baita ere Miamin, martxoaren 11ean Miamiko Dade Collegen Lehendakariaren Domina jaso baitzuen, Basque Culinary Center-ek Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz sustatutako ekimenean. Juan Mari Arzak eta bere familiaz gain, bertan izan dira BCCeko zuzendari Joxe Mari Aizega, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga, eta Mari Jose Olaziregi, Institutu bereko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia