Probintziako Immigranteen Jaia bere 15. ediziora iritsi da aurten San Luisen eta Villa Mercedesko Euskal Etxeak bermatu du euskaldunen presentzia. Euskal Herritik propio etorritako Kepa Ramos Herrero enpresari bilbotarra lagun, euskal etxeko kideek jaiaren programako ekintza guztietan hartu zuten parte. Euskara ere entzun zen Calle Angosta delako jai-gunean, Carlos Gabilondok aurkeztutako Loreak filmari eta Camerata de la Luna abesbatzak emandako kantaldiari esker.
Villa Mercedes, Argentina. Informazioa orain helarazi badigute ere, azaroaren 13tik 15era egin zen San Luis probintziako Villa Mercedes hirian Etorkinen Jai Probintziala, hogei bat kolektibitate partaide. Festa hiriko Calle Angosta delako jai-gunean egin zen eta han muntatu zituzten hiru eguneko ekitaldia gauzarazteko agertoki, pantaila, stand eta txokoak.
Euskal partaidetza Villa Mercedesko Euskal Etxearen eskutik heldu zen, eta bereziki nabaria izan zen arlo askotan. Gonbidatu berezi bat ere izan zuten instituzioko kideek: Kepa Ramos Herrero enpresari bilbotarra bertaratu zen San Luis probintziara bertako euskal diasporako lagunak ezagutu eta jaiaz gozatzera. Euskal Etxeko buruzagi den Julio Esnaolak azaldurik, “Internet bidez ezagutu genuen elkar Kepak eta biok. Berak Argentinako euskal diaspora ezagutu nahi zuen eta hori dela eta animatu egin genuen azaroa hasieran etorz edin; Macachingo Euskal Astean izan zen eta gero Villa Mercedesera inguratu zen, hemengoa gurekin batera ospatzera”.
Jaialdiaren programari jarraituz, euskaldunek azaroaren 8ko auto klasikoen karabanan hartu zuten parte eta baita Villa Mercedesko Mario Raul Merlo alkateak kolektibitateei egindako harrera-ekitaldian ere. Festaren egitaraua nagusia, ordea, ostiral 13an hasi zen eta Euskal Etxeak bisitariari eman zion banderaduna izateko ohorea. Deisy Cabeytu eskolta gisa eta gainerako kolektibitateetako ordezkariekin batera, Kepa Ramosek altxatu zuen ikurrina hasierako zeremonian.
Sukaldaritza txokoan, Euskal Etxeko lagunek arkumea erromero eta ardo zuriarekin, eta arrozesnea prestatu zuten, zortzirehun pertsonentzat. Esnaolak azaldu digunez, “jai osoko menurik eskatuena izan zen gurea, eta zati guztiak saldu genituen”.
Stand kultural bat ere muntatu zuten mercedestarrek eta han Loreak pelikula proiektatu zuen Carlos Gabilondo zinezale hiriburutarrak. “Jende ugari etorri zen filma ikustera; eta Gabilondok zegokion aurkezpena egin zuen publikoa euskal gaietan sar zedin”, adierazi digu Esnaolak. Euskal musika ere ez zen jaitik kanpo geratu eta Euskal Etxearekin lotura estua duen Camerata de la Luna abesbatzak Agur Jaunak, Txoria Txori eta Calle Angosta taularatu zituen, euskaraz eta gaztelaniaz.
Aipatzekoa da, jaiaren programatik kanpo bisita ugari egin zituela Kepa Ramos Herrero enpresariak San Luis-en. Probintziako Turismo eta Kultur Ministerioa, Udaletxea, Industria Ganbera eta hainbat lantegi eta enpresa bisitatu zituen. Eta probintziako 13. katean elkarrizketa bat egin zieten Ramosi eta Esnaolari, probintzia osoan eta baita Bilbon ere zabaltzeko. Elkarrizketa ikusteko, jo hona.