euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal sukaldaritza oinarri hartuko duen Aatxe jatetxea zabalduko dute gaur San Frantziskon

2015/04/17

Aatxe jatetxeko chefa Euskal Herrian ibili izan da trebatzen; sukaldaritzarekin batera koktel zerrenda luzea ere eskainiko du barran
Aatxe jatetxeko chefa Euskal Herrian ibili izan da trebatzen; sukaldaritzarekin batera koktel zerrenda luzea ere eskainiko du barran

PUBLIZITATEA

San Frantziskoko biztanleek gune berria izango dute gaur arratsaldeaz geroztik euskal jakiez gozatzeko: Aatxe jatetxea, hiriko The Castro auzoan. Ryan Pollnow chefa izango du buru, jabeek Hoodline.com webguneari adierazi diotenez, “Donostiako pintxoen kulturaz” maitemindutako sukaldaria. “Eragin euskalduna izango duen Kaliforniako sukaldaritza” izango omen da historikoki euskal tradizio luzea duen San Frantziskon jatetxe berriak eskainiko duena.

San Frantzisko, AEB. Giro lasai batekin eta sagardotegietako antza duten mahai luzeekin emango die bezeroei ongi etorria Aatxe jatetxeak. 50 lagunentzako tokia izango du, bi zonalde bereizietan banatuta: barra eta jantokia. Behelainoaren hiriko The Castro auzogune ezagunean dagoen Swedish American Hall eraikin ezagunean kokatuta (2174 Market Street) zabaltzen ditu ateak.

Menuari begirada bat emanda, euskal etiketaz plazaratzen den leku berriak bestelako eraginak ere baitaratzen ditu eta espainiar ikutua ere eman diote jabeek, jakina baita sukaldaritza iturri askotako ura edan eta bazter bakoitzetik interesgarrien iruditzen zaizkion elementuak batu eta emaitza propioak ateratzen dituen artea dela, eta honela topa daitezke menuan, esaterako, montaditoak, paella, patatas bravas… Edozelan ere, Andoni Luis Adurizek Errenterian (Gipuzkoa) duen Mugaritz jatetxean egindako egonaldiaren ondorioz, Pollnow-k pintxoak ere txertatu ditu jatekoen zerrendan, hala nola: solomo pintxoa, txorizo pintxoa, edota odolkia.

Gin Tonic zaleentzako lekua

Jatetxea izanagatik, Aatxe ez da jateko lekua izango soilik; lagunekin tragoak hartzeko gunea ere izango da, 50 Ginebra motatik gora izango baitituzte eskura. Horrekin batera, vodka, vermua, eta beste hainbat edari ere prestatuko dituzte.

Igandetatik ostegunetara bitartean, arratsaldeko 17:30etatik gaueko 23:00era arte izango da zabalik eta, ostiral eta larunbatetan, gauerdira arte.

Facebook-en, Twitter-en, Instagram-en eta beren web atarian jarrai ditzakezu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia