euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal sukaldaritza liburua argitaratuko dute Alex Raij eta Eder Montero NYeko Txikito jatetxeko sukaldariek

2015/10/30

Lehenbiziko liburua izango da bi sukaldarientzat 'A Basque book', errezeta hutsezko liburua baino askoz harago doan lana (Argazkiak: Txikito)
Lehenbiziko liburua izango da bi sukaldarientzat 'A Basque book', errezeta hutsezko liburua baino askoz harago doan lana (Argazkiak: Txikito)

PUBLIZITATEA

Datorren urteko apirilaren 19an plazaratuko dute beren lehenbiziko sukaldaritza liburua Eder Montero eta Alex Raij sukaldariek, Rebecca Flint Marxe-ekin batera. New Yorkenko Txikito jatetxearen burua da bikotea eta, Monterok EuskalKultura.com-i argitu dionez, “erabat amaituta dago jada", baina marketing-a dela eta udaberrira arte itxarongo du argitaletxeak. “Txikitoren ukitua duen arren, ingelesa menperatzen duen edonork erabiltzeko moduko erreferentzia liburua da”, gehitu du bilbotarrak.

New York. “Aspaldi geneukan euskal sukaldaritza liburu bat idazteko ideia, baina inoiz ez zen une aproposa”, adierazi digu Eder Monterok Txikito jatetxeko sukaldariak . “Zorionekoak izan gara Rebecca Flint Marx-ek (San Francisco Magazine aldizkariko sukaldaritza ataleko editorea) gurekin kolaboratu nahi izan duelako eta geure ideiak hitzetan jarri dituelako”. Flint Marxekin batera, Peny de los Santos argazkilariak ere parte hartu du proiektuan, liburua bisualagoa eginez. 2016ko apirilaren 19an aterako du liburua merkatura Ten Speen Press-ek, ‘The Basque Book: A love letter from the kitchen of Txikito’ titulupean (Euskal liburua: Maitasun gutuna Txikitoko sukaldetik).

Biek ala biek dute hau lehenbiziko liburua, nahiz eta Raij-ek zenbait kolaborazio egin dituen dagoeneko hainbat aldizkari espezializatuentzat. Edonola ere, eurena “edonork erabiltzeko moduko erreferentzia liburua” dela argitu du Monterok eta, jarraian, umorez, gehitu du: “Sukaldariok dugun ego erraldoiaz erabat kontzientea naiz, baina ez dugu, adibidez, perretxikoen carpaccioa sartu, inork ezin baitu hori etxean egin”.

Liburua ez da errezeta zerrenda luze hutsa izango, azalpenak izango ditu. Bai eta sukaldarien haurtzaroko pasarteak; Alexek euskal sukaldaritzan emandako lehen urratsen memoriak; egileek elkar ezagutu zuteneko oroitzapenak; nola Alex, euskal sukaldaritza nagusitan ezagututa, “arauak maizago apurtzen” dituen, adibidez, pil-pil saltsa egiterakoan; eta abar. “Liburu polita dela uste dut”, bukatu du Monterok.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia