euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Sukaldaritza Jaialdia ongi bukatuta, Haize Hegoa elkartea San Juan bezperako sua ari da prestatzen Montevideon

2017/06/07

Haize Hegoa Euskal Etxeko dantzariak Euskal Jaialdi Gastronomikoan
Haize Hegoa Euskal Etxeko dantzariak Euskal Jaialdi Gastronomikoan

PUBLIZITATEA

2017ko San Juan eguna bi ekitaldi medio ospatuko du aurten Uruguaiko hiriburuko Haize Hegoa euskal etxeak. Joan den ostiralean San Juan jaiari buruzko hitzaldi bat eskaini zuen Enrique Poittevinek elkartearen egoitzan; ekainaren 23a, berriz, San Juan bezpera, kalean ospatuko dute gauez montevideotarrek, ohiko sua piztuz. Sua Haize Hegoaren egoitzaren aurrean piztuko dute, urtero bezala, eta komunitate osoari luzatu diote gonbitea gaiztakeria eta gauza txarrak erre eta uxatzeko zeremonian. Gogoratu, azkenik, Montevideok Euskal Sukaldaritza jaialdi batekin bukatu zuela maiatza, hiriko Cottage hotelean, oraingoan ere Haize Hegoa partaide.

Montevideo, Uruguai. Euskal Etxe montevideotar honek antolatzen duen kultur hitzaldi zikloaren barruan ‘San Juan Jaia’ izenburuko hitzaldia eman zuen joan den ostiralean, ekainaren 2an, FIVUko lehendakaria den Enrique Poittevinek. 2017ko Sanjuanen inguruko ekitaldiak, ordea, ez dira hor bukatuko. Urtero bezala, ekainaren 23an, San Juan egunaren bezperan, San Juan Sua piztuko dute euskal etxeko lagunek Isabela eta Chopitea kaleen izkinean, elkartearen egoitzaren aurrean.

“Urteko gau luzeena da Hego Hemisferioan; gau magikoa ere bada, eta hori dela eta gonbidatu nahi ditugu gure lagunak sugarretan gauza txarrak erretzera eta itxaropen aro berri bat hastera”, dio Haize Hegoak plazaratu duen gonbiteak. Hitzordua gaueko 8etan izango da eta suaren ondoan abestu eta dantzatuko dute, eta hotzari aurre egiteko edari beroak eta ‘gogorrak’ partekatuko omen dituzte bildutakoek, gonbidapenak argitzen duenez.

Euskal Jaialdi Gastronomikoa

Maiatzaren 25, 26 eta 27an Euskal Jaialdi Gastronomiko bat bultzatu zuen Haize Hegoa Euskal Etxeak Montevideoko Cottage Hotelean. Hiru egunez, euskal zaporeek baina baita euskal dantzek eta euskal kantek osatutako menu batez gozatu ahal izaten zuten hotelera bertaratu zirenek.

Buffetean zenbait euskal plater tradizional izan zituzten aukeratzeko; besteak beste baratxuri zopa, entsalada eta pintxoak; marmitako, bakailaoa bizkaitar erara, legatza saltsa berdean, oilaskoa piperrekin eta mingaina saltsan; eta postrerako esne frijitua, sagar tarta eta arroz-esnea.

Haize Hegoak nabarmendu nahi izan du “bereziki aipatzekoa d(el)a Maite Bengoa Tejeriak hoteleko chef Edison Lopez-i  emandako laguntza eta aholkua menuak aukeratzen eta prestatzen". "Bien artean lortu zuten Euskal Herriko zaporeak eta izpiritua Montevideoraino ekartzea”, aitortu dute. “Oso pozik gaude oso bestelako publiko batengana iritsi ginelako. Ez zituzten euskal etxea ez eta gure aktibitateak ere ezagutzen eta esan dezakegu, beraz, ondo bete dugula gure lehentasuna, euskal kultura ezagutzen ez dutenen artean zabaltzea”, adierazi dute.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia